ARTEA

“Nos_otras” erakusketa, Derioko Kultur Birikan

Lourdes Puertas Gómez artistak Nos_otras izeneko erakusketa jarri du ikusgai Derioko Kultur Birikan, otsailaren 23ra arte. Artistak hainbat emakumeren izenak batu eta idatzi ditu paper luzeetan.

Artistaren iritzian “emakumeok ikusezin egin gaituzte historian zehar. Proiektu honen bidez, gai horri heldu eta emakumeok ikusarazi gura izan dut. Alde batetik, emakumeok egunero egiten dugun lana ez da inoiz aintzat hartu, hau da, ez dira inoiz aitortu garbitu diren maindireak, sendatu diren zauriak, prestatu diren otorduak… eta lan hori guzti barik ez ginateke egongo gaur egun gauden lekuan. Eta bestetik, etxeko arloa kenduta, emakumeok ez dugula bizitzaren beste arlo batzuetan parte hartu, baina agiriek kontrakoa esaten dute: emakumeok historian zehar gure negozioak eduki ditugu, mailegu-emaileak izan gara, ikertzaileak, medikuak…”.

Proiektuaren nondik norakoa azaltzerakoan hauxe kontatu du: “Izenak antzinako paper pintatu-bilkarietan berridatzi ditut. Ideia da etxeko hormak, emakumeok egon garen gune intimo hori, birsortzea, bertan euren izenak idatzi eta merezi duten garrantzia ematea, eta hormetan ipini ezin diren titulu horiek guztiak gogora ekartzea, idatzi ezin diren liburuak edo apalategietan ipini ez direnak, koadroak…”.

Emakumeen izen eta abizen biak idatzi ditu bata bestearen ondoan eta puntuak erabili barik,  “emakumeok menderik mende egon garen ikusezintasun egoera horren alegoria da”.  Herritarren izenak idazti ditu , bai eta Galiziakoak, Andaluziakoak edota Mexikokoak.

Erakusketa EHUko Bizkaia Aretoan egon da, eta Barakaldoko Clara Campoamor kultura etxera joango da martxoan. 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button