ARTEA

Isuriz doa bizitza

Isuriz doa bizitza, ukimena eta ametsak izenburupean, Bilboko Bizkaia Aretoan, eta urtarrilaren  23ra bitartean, Juliantxo Irujo (Iruñea, 1960-Bilbo, 2015) artistaren azken artelanen selekzio bat bildu da. Obrak 2005 eta 2015 bitartean sortutakoak dira, eta bilduma horrekin osatu da, 2015eko uztailean zendu zenetik, bere hirugarren erakusketa.

EHUko Arte Ederretako Fakultatean Pintura katedraduna zen Irujo, eta berarentzat pintura “bizi esplorazio-bidaia gisa ulertzen zuen, materiaren aukera sentiberetan zentratutako ikuspegi esperimental eta introspektibo batetik”.

Abian dagoen erakusketan, Naturarekin ibiltzea eta Bizitzaren Omenaldia serieetako margolanak nabarmentzen dira. Lehenengoan, “naturaren behaketak basoen arteko ibilbideak gogorarazten dituen irudikapen abstraktu eta aldakorrei forma ematen die, koadroetan bide desberdinetatik barrentzea eta aldi bakoitzean zirrara berriak sentitzeko aukera eskainiz”. Bigarrenean, eta tituluak berak adierazten duen moduan, “bizitzari egiten dio omenaldia paisaia psikologikoak diruditen margolanen mugimendu barroko eta fluktuatzailearen bidez.. Azken finean, dabilen bizitzaren, humanizatzen gaituen ukimenaren eta bizirauten gaituzten ametsen omenaldia dugu”.

Juliantxo Irujo margolariak honela azaldu nahi izan zuen bere eginkizuna: “Materia esploratzeak geure burua eta emozioak esploratzea dakar […] Margolaritzan aritu banaiz bizitza osoan geure bizitzaren ibilbidea eta esperientzia bera osatzen duten desioak, emozioak, egonezinak eta hausnarketak azalarazteko duen ahalmenean sinesten dudalako izan da”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button