MUSIKA

Iruñeko “Beltza Weekend” jaialdia asteburuan garatuko da

Iruñean musika beltza nagusituko da ostegunetik aurrera Beltza Weekend jaialdiak ondutako egitarau dantzagarriarekin.

Hala, nazioartean ezagunak diren taldeen kontzertuak (Zentralen) ez ezik, aire zabaleko emanaldiak, zinema eta literatura hitzorduak, erakusketak eta umeei zuzendutako lantegiak ere programatu dira, irailak 12tik 14ra, hain zuen.

Hartara, ostegunean, hilak 12, Media Luna Parkean, 20:00etan, Iruñeko Las Kassettes taldearen kontzertua izango da eta ¡Qué duro es veranear! EP berria aurkeztuko du. Halaber, zenbait talde klasikoen bertsioetako batzuk ere aurkeztuko ditu, Mickey Lee Lane, Annette Funicello, los Temblooores, Karatekas edota Beach Boys taldeenak, esaterako.

Ostiralean, beste emanaldi interesgarri bat:  Aretha Soul Divas & The Silverbacks eta Roy Ellis & Mighty Megatons taldeen kontzertua. Eta larunbatean, aldiz, Michelle David & The Gospel Sessions eta Lee Fields & The Expressions taldeen txanda izango da. Bi egunetako kontzertu nagusi hauek, Zentralean izango dira, 21:30etik aurrera.

Baina larunbat eguerdian ere musika beltzaren giroan murgiltzeko abagunea izango da.  Eguerdiko 13:00etan, R&B, soul eta bestelako musika beltzaren berotasunean sortutako euskal talde handietako bat arituko da (tokia oraindik zehazteke): The Allnighters. Bere zuzenekoak eragin guztiak jasotzen ditu: harmonikaz lagundutako 50eko boogie-a, 70eko pub-rocka, 60ko soula eta R&B “coolena”. Gasteiztar taldea 1988an sortu bazen ere, urte batzuk desagertuta egon da baina orain, Igu Garcia Uriarte abeslari eta harmonika-jotzailea buru dela, jatorrizko taldean berrelkartu dira.

Jaialdiak dirauen egunetan gainera, gauez, alde zaharreko hainbat lokaletan Nébula eta La Urbanan esaterako, DJ-saioak egongo dira, jaialdiaren eremua zabaldu eta entzule berriengana hurbiltzeko helburuarekin.

Bestelako ekimenak ere antolatu dira jaialdiaren harira. Horien artean, liburu aurkezpenak, erakusketak edota umeentzako ikusgarriak ere.

Egunez eguneko egitaraua eta bere xehetasunak, ikus  iruñakulturada web atarian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button