LITERATURA

“Gabriel Arestiren Ondarea”, Deustuko Unibertsitatean

Dagoeneko 50 urte bete berri dira Gabriel Arestiren Harri eta Herri poema liburua argitaratu zenetik, eta 2015eko ekainean, 40 urte beteko dira bilbotar poeta hil zenetik.

Data horiek kontuan izanda, une ezin egokiagoa iruditu zaie antolatzaileei Gabriel Arestiren bizitza, figura eta lana unibertsitatera ekartzeko eta ikertzeko. Hala, DeustoBide Herritartasun Eskolaren barruan, maiatzaren 25, 26 eta ekainaren 3an, ziklo berritzaile eta diziplinarteko bat antolatu nahi izan dute, Gabriel Aresti Kultura elkartearekin batera.

Zikloaren programa Deustuko Unibertsitatean egingo da eta horretaz gain, ibilaldi turistikoa ere Bilbon zehar, Bilboko Kafe Antzokian hasita.

Programa maiatzaren 25ean hasiko da, Gabriel Arestiren lana eta bizitza: hitzaldi musikatua hitzorduarekin. Parte-hartzaileak Xabier Monasterio idazlea eta Gabriel Aresti Euskaltegiko irakaslea eta Rafa Rueda abeslari eta gitarra-jolea izango dira.

Hurrengo egunean, Nazioaren alegoria Gabriel Arestiren poesian: mintegia egingo dute Josu Bijuesca Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikertzailearen eskutik.

Azkenik, eta goian esan dugun bezala, poetaren sorlekua, haurtzaroa, erreferentzia intelektualak eta lan aipagarrienak ezagutzeko parada eskainiko dute, Iraia Biteri eta Beñat Aiarza Gabriel Aresti Euskaltegiko irakasleek zuzendutako Arestiren Bilbo: ibilbide turistikoa-ren bidez.

Material lagungarri bezala, ikasle bakoitzari emango zaio Harri eta Herri poesia liburuaren berrogeita hamargarren urteurreneko edizioa.

Gaur da izen emateko azken eguna. Hortaz agudo ibili!

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button