EZLEKUBAT

Irazoki: “Ikuspuntu desberdinak ia beti dira aberasgarriak”

Joseba Irazokik hainbat lagunekin grabatutako Joseba Irazoki eta Lagunak lana argitaratu berri du Bidehuts plataformaren bitartez. Disko berria 2009an Moonpalace diskoetxearen laguntzarekin plazaratutako Euria ari du lanaren jarraipena da. Horrela, gizon-orkestra formatuan kaleratutako Oso Banda (Bidehuts, 2012) lanetik aldendu eta talde oso bat eratu du Irazokik lan hau ontzeko: Felix Buff, bateria eta perkusioa; Iban Urizar, tronpeta eta klarinetea; Igor Telletxea, tronboia eta vibraphonoa; Jaime Nieto, baxua; eta, azkenik, Ager Insunza, gitarra eta biolina.

Diskoak zortzi doinu biltzen ditu, eta Beran grabatu da. Nahasketak, berriz, Lyonen egin dira, eta ekoizpenaz Irazoki bera eta Johannes Buff arduratu dira, azken hori Felix Buffen anaia da, eta produkzioan egin duten lana nabarmena da, batez ere, Euria ari du harekin alderatuta, bai disko osoaren soinuari dagokionez, bai ahotsen tratamenduan ere.

Joseba, pozik Irazoki eta Lagunak diskoaren emaitzarekin?

Bai, gustura. Plazera izan da horrelako musikariekin lan egitea.

Grabazio batean horrenbeste lagun inplikatzea ez da lan erraza izango, zer izan da gauzarik zailena?

Denbora tarte handi xamarra hartu dugu, agendekin arazorik ez edukitzeko eta lasai ibiltzeko. Agian, zailena Johannes grabatzaile-ekoizlearekin datak lotzea izan da, berak beti egon behar zuelako. Munduan zehar biran ibiltzen da Sonic Youtheko jendearekin eta tartetan probestu behar izan dugu. Diskoaren bukaera e-mail, skype eta wetransfer bidez egin dugu!

Lagunen ekarpena izugarria da, diskoa ikaragarri aberastu dute, batez ere haize-tresnen lana bikaina da. Bat zatoz horrekin?

Denen papera oso aberasgarria izan da, agian, haizeek protagonismo gehiago hartu dute azken ukituetan, baina oinarriak egiterako orduan ere lan handia egin genuela uste dut. Denen ekarpena oso ona izan da.

Euria ari du-ren jarraipen gisa ikus daiteke lan hau, baina ezberdintasunak nabarmenak dira, ezta? 

Nere ustez ahotsa da lotura egiten duena bi diskoen artean. Euria ari du kantautore gisako kantak ziren, eta grabazioa oso desberdina izan zen: nik bakarrik egin nuen ia dena. Nahiko azkar egin nuen, eta nahiko baliabide guttirekin; beraz oraingoarekin konparatuz, oso egoera desberdina izan da. Pertsona desberdinen nortasunak elkartzen direnean, indarra eta energia bikoiztu egiten dela uste dut. Ikuspuntu desberdinak ia beti dira aberasgarriak. Disko honetan musikari handiekin lan egiteak dimentsio ederra eman die nire kantei. 

Gainera, ekoizle batekin aritu zara estreinakoz, eta hori asko nabaritu da, hala diskoaren soinua, nola zure ahotsean.

Bai, azpimarratzeko lana egin du Johannesek. % 100 murgildu da proiektuan. Banekien musika ulertzeko modu berdintsuak genituela,  eta primeran moldatu gara. Batez ere ahots tratamendurako euskalduna ez zen norbaiten ikuspuntua nahi nuen, baina konfiantza guztia eduki dut arlo guztietan.

Diseinuaz Ramon arduratu da; bere kabuz aritu da ala zu ere gainean egon zara?

Berak egin du dena, hasieratik gustatu zitzaizkidan zirriborroak eta gutti erraten ahal nion. Lan oso ederra egin du.

Diskoak Lugaritzen eginiko kontzertu batean du bere jatorria; orain, diskoa zuzenenean aurkezteko asmoa duzu?

Bai, urtarriletik aitzinera hasiko gara. Kontzertu aunitz ez dut uste egingo dugunik, agendak bateratzea zaila izango delako, eta egiten ditugunak kondizio minimo batzuetan egin nahi ditugulako. Zerbait berezia izan dadin gustatuko litzaiguke.

Horrela bada, nola koordinatuko duzu Irazoki eta Lagunak zuzenean aurkeztea eta zure beste egitasmoekin? Gizon orkestra formatuan aritzeko asmoa duzu ala apur bat baztertuko duzu?

Horixe ba, segur aski ongi aukeratutako datak izango dira bakoitzaren proiektuekin jarraitu ahal izateko; eginez joanen gara ikusten. Oso Banda-rena ez dut argi ikusten oraindik, egia erran, formatu oso erraza da mugitzeko; beraz, agian, baten bat gehiago egiten saiatuko naiz.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button