Nontzeberri

“Irakurketa Erraza” eta euskarazko liburuak

Irakurketa Erraza formatuan, euskaraz argitaratu diren lehen eleberriak AlhondigaBilbaon aurkeztu ziren joan den astean. Núria Martí eta Montse Flores, eta Ander Izagirre eta Fernando Morillo idazleek argitaratu dituzte lan berri hauek Gaumin argitaletxearekin.

Irakurketa Erraza zera da: testuak, ikus-entzunezkoak eta multimedia materiala eskaintzeko formatu jakin bat, irakurtzeko edota ulertzeko arazoak dituzten pertsonei, edota  muga fisiko, psikiko nahiz sozialengatik irakurketaz gozatzeko aukerarik ez dutenenei zuzendutakoa.

Fernando Morillok esan zuenez, “askok euskaraz irakurri nahi dute, baina ohiko literatura zaila egiten zaie. Eskura dituzten testu ulergarri bakanak haur literaturakoak dira maiz, horregatik ulermena errazteko baliabideak eskaintzen dituzte testu hauek, istorioaren funtsa nabaria baita, kontakizuna bere horretan agertzen baita”.

Eskaera horri erantzun nahirik, hemendik aurrera, bada non aukeratu euskaraz IE formatuan irakurri nahi duenarentzat. Batetik, katalanetik itzulitako Montse Flores Pallarès-en Rif mendietako ura eta Núria Martí Constans-en Traizioa lakuan eleberriak plazaratu dira. Bestetik, zuzenean euskaraz idatzi diren Ander Izagirreren Txernobil txiki bat etxe bakoitzean eta Fernando Morilloren Santiago Bidearen misterioa.

Goizean lanon aurkezpena egin zen eta arratsaldean, ekitaldi publikoa ere egin zuen Gaumin Argitaletxeak Alondegian, eta bertan izan ziren lau liburuen egileak.

Exit mobile version