EZLEKUBAT

Beroa iritsi da leihotikan barnera…

Hip hoparen erresumak hartuko ditut gaur mintzagai. Atzo bertan Mala Rodriguezen kontzertuan egon nintzen eta nahiko inspiratua atera nintzen. Izan ere, aro berri bat irekitzen ari dela iruditzen zait hip hoparen arloan. Garai batean kontzertu batera joan eta soinu kaxkarra egon ohi zen. Ez dut esango orokorra zenik, baina hip hop kontzertuetan soinua gehienetan nahiko txarra izaten zen. 

Gogoan dut adibidez Selektah Kolektiboko kontzertua Manu Chaorekin Ilunben. Eurak bero-bero zeuden eta oso gustura ikusten zitzaien, baina mahaiko teknikariak ez zien ezta minutu bat ere eskaini soinu minimoki txukun bat jartzeko. Oihartzun haundia eta soinu nahasia. Gero Manu Chao hasi eta tipoa buru-belarri jarri zen soinua moldatzen. 10 minututara kriston soinua. Honekin esan nahi dut alde batetik teknikariek ez zietela jaramonik egiten raperoei kontzertuetan. Bestetik, raperoek ere ez zuten kontzientzia haundirik soinuaren garrantziaz. Mala Maria bera, duela urte batzuk Pagoan (Oiartzun) eta Donostian egon zen. Oiartzunen kriston soinu kaxkarra (ekipoa tarteko). Donostikoan soinu mahaira inguratu eta ohartu nintzen argi gorri guztiak piztuak zeudela. Hau da, teknikariak berak ez zeukan ideia haundirik nola ondo sonorizatu kontzertua (soinu txar askoan nabaritzen zen).

Atzokoan aldiz, soinu izugarria. Azken detailea ere ondo entzuten zen. Koristak, dj-aren detaileak, mc laguntzaileen ahotsak eta baita Malaren ahotsa ere. Ahotsak bere efektu propioak zituen eta indarra, sekulako indarra. Bestetik aipatu beharra dago dj-en munduko iraultza iritsi dela, digitalki sonorizatutako biniloekin. Badaude sistema desberdinak (nik Serato scratch live 500 ezagutzen dut, baina badira beste batzuk). Hau da, ordenagailutik hartzen du biniloak kanta edo oinarri musikala, biniloa berez hutsa dagoelarik. Honela, skratx-aren ohiko trukuak egin daitezke (atzera aurrera, atzera aurrera, orratzaren kontra!), baina soinua hobetuz. Nik uste dut aurreiritzirik gabe ekin behar dietela dj-ek honelako berrikuntzei, aukeraz betetako aroa zabaltzen baitu. Bestetik, aukera baduzue joan zaitezte Mala ikustera: oso show polita prestatu du.


Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button