Nontzeberri

“Inoiz ez erreala/beti egiazkoa” erakusketan, arte eta literatura aztergai

Azkuna Zentroak Ivan de la Nuez kritikoak komisariatutako Inoiz ez erreala, beti egiazkoa erakusketa inauguratuko du gaur, martxoak 14. Erakusketa, Gutun Zuria jaialdia aurre-saio gisa abiatuko da, izan ere,  Bilboko Letren Nazioarteko Jaialdia apirilaren 2tik 6ra izango da.

Erakusketak 13 artisten lanak bildu ditu, eta komuneko ildoa da guztiek artea genero literario modura ulertzen dutela, baita literatura erakusketa-proiektu modura ere.  Bertan Kurt Caviezel, Cristina de Middel, Gonzalo Elvira, Oier Etxeberria, Kiko Faxas, Joan Fontcuberta, Veronica Gerber Bicecci, Alicia Kopf, Glenda Leon, Valerie Mrejen, Guillem Nadal, Mabi Revuelta eta Xabier Salaberria artisten hausnarketak erakutsiko dira.

Azkuna Zentroak igorritako oharrean irakur daitekeenez “Inoiz ez erreala eta beti egiazkoa Antonin Artaudek marrazki batean idatzitako esaldi hau oso egokia da artearen eta literaturaren arteko sinbiosiari buruzko erakusketa honen ikur izateko. Lelo honek hamahiru diskurtso lotzen ditu, denak desberdinak izan arren, denak bat baitatoz onartzean artea genero literarioa dela eta literatura erakusketa-proiektua izan daitekeela. Biak mugarritutako alor gisa tratatzea kritikatzen da, eta muga horiek apurtzearen aldeko apustua da”.

Erakusketa lau ataletan banaturik dator: Liburua marraztu (Glenda Leon / Veronica Gerber Bicecci / Gonzalo Elvira); Politika itzuli (Kiko Faxas / Cristina de Middel / Oier Etxeberria); Paisaia idatzi (Guillem Nadal / Alicia Kopf / Kurt Caviezel); eta Istorioak lekualdatu (Valerie Mrejen / Joan Fontcuberta / Mabi Revuelta).

Gogoratu Bilboko Letren Nazioarteko Jaialdia apirilaren 2tik 6ra ospatuko dela, eta aurtengo lema Gaur gauean suak nire liburutegia erreko balu. Artea kontatzeko artea dela. Modu zehatz batean zalantzan jarriko dira artea eta literatura.

Exit mobile version