ESZENA

Inkomunikazioari buruzko gogoeta

Datorren ostiralean, otsailak 15, Leioako Auditoriumean, Kulunka Teatro konpainia ospetsuak Solitudes lana eskainiko du. Max Sarietan eta Be Birmingham Festibalean Antzezlan onena bezala saritua izan den ikuskizuna. Ikusi beharrekoa.

Gizon baten bizitzako poztasun nagusietako bat bere emaztearekin kartetan jokatzea da, baina bat-batean alargundu egin da. Familia, semea eta iloba, agureaz arduratuko dira. Ahalegin guztiak egin arren, arreta egin bai, baina ez diote konpainia egiten. Aitona ez da gai haiei ulertarazteko konpainia baino ez duela behar, kartetan aritzeko ez bada ere, lehen egiten zuen moduan. Babesgabe sentitzen denez, kalera irtengo da kartetan jokatzeko norbaiten bila, eta prostituta hasiberri bat baino ez du aurkituko. Semeak prostituta etxean aurkitzen duenean, gertakizun erabakigarrien segida bat hasiko da hiru pertsonaien bizitzan. Istorio sinplea dirudi, maskara-antzerkian oinarrituta eta umorez kontatuta, baina metaforaz beteta dago, bai eta gizakien arteko harremanei, maitasun-beharrari eta inkomunikazioari buruzko gogoetez ere; eta garbi erakusten du aurreiritziek zenbateraino galarazten duten beste pertsonen zoriontasuna, eta, jakina, gurea ere bai.
Baina istorio honen gauzarik harrigarriena da “agureak ez duela etsitzen, ez diela uko egiten bere desiratxoei, eta haiek lortzeko borrokatzen dela, setaz eta duintasunez. Horrek bere ondorioak izango ditu, noski, bai berarentzat eta bai ingurukoentzat”. Hitzetik haratago doan hizkuntza sortu nahi dute, eta horretarako, keinu-antzerkian oinarritzen dira eta maskarak erabiltzen dituzte poetika bisual handiko mundua sortaraziz.

Garbiñe Insausti hernaniarrak eta Jose Dault zaragozarrak osatzen dute Kulunka Teatro konpainia, eta hau baino lehenago André y Dorine antzezlana egin dute hainbat tokitan, hala nola, Turkian, Nepalen, Dominikar Errepublikan, Ekuadorren, Kolonbian, Argentinan, eta AEBetan. Lan horrek Alzheimer gaitza du ardatz.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button