LITERATURA

Iñigo Astiz poetak “Analfabetoa” izeneko poema liburua idatzi du

Susa argitaletxeak Iñigo Astizek izkiriaturiko Analfabetoa izeneko poema liburua kaleratu du.

Baita hondakinak ere argitaratu zuenetik zazpi urte igaro direnean ikusi du argia Iñigo Astizen bigarren poema liburuak. “Denok gara analfabeto iberieraz idatzitako inskripzio baten aurrean, baina horrek ez du esan nahi gaur egun inguratzen gaituzten mezuak osotasunean ulertzen ditugunik. Hain zuzen ere, kodeak, zeinuak ulertzeko saiakerak -batzuetan ezintasunak, beste batzuetan ulertzeak ematen duen poz txikiak- zeharkatzen du Astizen liburua.”

ZALDIAK

Denek erretzen zuten orduan
eta beti aritzen ziren politikaz:
gauzak ez ziren oraindik erabat zahar.

Gu zaldiak harrapatzen saiatzen ginen
haurtzaroak zabalagotutako zelaietan
eta orduko guztia oroitzen dut orain
elkarrekin hala moduz ahul lotuta.

Beste zerbait espero zuten.

Zer ote zen zehazten badakiten
jadanik ez nago ziur: dagoeneko
hilda ez daudenak nekatuta daude.

Leihoetatik begiratzen dituzte
orain jada begiratu gabe
aurrean dituzten leihoak.

Euren konfiantza dut gogoan,

belardi urrunetan seinalatzen
egur erori eta txapa puskekin
altxatutako korta hauskorrak.

Oharkabean hartu genien zorra.

Jarraitzen du haien itxaronaldiak
gure egiteko ezdeusenen sakonean,
baina tarteka soilik sentitzen dut
argi identifikatzeko bezain bizi.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button