Nontzeberri

Ingurune digitalak hizkuntzaren estandarizazioan duen eraginaz

Goiko lerroan azaltzen da Euskaltzaindiaren mendeurreneko azken jardunaldi akademikoaren funtsa. Ingurune digitala, hizkuntzen estandarizazioa eta euskara izeneko ekitaldia Donostiako Tabakaleran izango da irailaren 12an (osteguna) eta 13an (ostirala), eta bertan 21 aditu bilduko dira.

Euskaltzaindiaren arabera, jardunaldi honetan “garatu nahi da nola bizkor daitekeen euskararen estandarizazioa garai hauetan, eguneroko eta ezinbesteko bihurtu den ingurune digitalaren bitartez. Horrezaz gain, beste hizkuntzetako esperientziak ezagutuz eta Euskaltzaindiarenak azalduz, euskalgintzarekin batera aurrera egitea da helburua, euskararen estandarizazio horren formulazioan, ebaluazioan eta zabalkuntza bidean, XXI. mendeko euskal gizarteak euskararen inguruan dituen premiei erantzun egokia eman nahian”.

Bertan bilduko direnak, besteak beste, Andoni Sagarna, Miriam Urkia, Mikel Zalbide edo Patxi Uribarren euskaltzainak dira; eta Iolanda Fernandez Casal (Real Academia Galega); Hans Van de Velde (Fryske Akademy); Vincenç Rivière (Lo Congrès Permanent de la Lenga Occitana); Joaquim Rafel (Institut d’Estudis Catalans); Josu Aztiria (Elhuyar); Iñaki Alegria eta Olatz Arregi (IXA Taldea); eta Mathieu Constant Lorraineko Unibertsitateko irakaslea izango dira.

Guztira, hamar mintegi antolatu ditu Euskaltzaindiak bere mendeurrenaren baitan, eta azken ekitaldi instituzionala Gipuzkoako Foru Aldundian egingo da, urriaren 5ean.

Exit mobile version