Nontzeberri

Inguru landatar eta hiritarrean jazo diren aldaketen irudiak

San Telmo Museoak, maiatzaren 10era bitarte, Atzera begirako poetika. Antton Elizegi Argazki Bilduma erakusketa paratu du. Elizegiren argazkiak “azken bost hamarkadetan gure inguru landatar eta hiritarrean jazo diren aldaketen, bilakaeraren eta eraldaketa handiaren lekuko dira”.

Erakusketan biltzen diren lanek argazkilari gipuzkoarraren ibilbide fotografiko eta poetikoaren atzera begirakoa erakusten dute, “Nire argazki-lanaren oinarri nagusia bost hamarkadatan zehar izan dira landa-paisaia, zuhaitza elementu enblematiko eta ezinbesteko ardatz gisa, eta baserria, gaur egun oso aldatuta dagoen gure egituraketa sozial berezi eta zaharraren sinbolo genetiko gisa”, dio Elizegik.

Elizegiren argazkiek, beltzaren eta zuriaren arteko kontraste bizian oinarrituta, naturarekiko lotura erakusten dute, bere paisaiak pintoreskoak dira, eta beti agertzen dira inguruan zuhaitz enborrak, adarrak, belar metak, baserri hutsak eta hainbat egitura arkitektoniko.

Erakusketan 150 argazki inguru bildu dira sail ezberdinetan, eta argazki horiexekin batera,  egileak sortutako hainbat argazki koaderno eta erabilitako argazki makinak eta bestelako argazkigintzarekin lotutako objektuak ere bildu dira.

Erakusketaren atalak ondoko gai hauen inguruan ardaztu dira: Natura; Baserria eta egitura arkitektonikoak; Arantzazu eta apostoluen frisoa; Harriz harri edo arte erromanikoa; Esperimentazio artistikoa; Industria arkeologia; Argazki etnografikoak; Argazki dokumentalak; eta Erretratua.

Exit mobile version