IKUS-ENTZUN

Ingmar Bergmanen “Saraband” filmaren emanaldiarekin hasiko du Fas zineklubak ikasturte berria

Gaur hasiko du Bilboko Fas zineklubak 2018-2019 ikasturtearen programazioa, El Carmen aretoan, 19:45ean. Denboraldi berriaren inaugurazio emanaldi horretan, hain justu, Ingmar Bergman zinegile suediarrak 2003an filmatutako Saraband filma pantailaratuko dute. Íñigo Ongay de Felipe Filosofiako lizentziatuak aurkeztuko du emanaldia. Iñigok hainbat film aurkeztu ditu Bilboko zineklubean; tartean, Torinói lo (Béla Tarr, 2011), Eleni (Theo Angelopoulos, 2004) edo The merry widow (Ernst Lubitsch, 1934).

1973an zuzendutako Scener ur ett äktenskap (Ezkontz Eszenak) filmeko protagonista izandako bikote bat berreskuratu zuen Bergmanek Saraband-en. Pelikula hartan bikote baten banaketa jaso zuen suediarrak. “Saraband-en, bikote hura berriz elkartzen da 30 urteren buruan. Filmak ez du kontatzen Johanen eta Marianneren harremana bakarrik; beste pertsonaia batzuk ere azaltzen dira, hala nola Johanen semea eta haren alaba. Modu soil, zuzen eta zintzoan, elkarren arteko harreman konplexuak eta sentimendu nahasiak erakusten dira”.

Lehen plano askorekin jositako lana da Saraband. Aktoreen lana izugarria da, eta isiluneak eta pasarte musikatuak uztartzen dira; Brahms eta Bruckner konpositoreen lanak nagusitzen dira. Elementu horien bidez, zinegile suediarraren obsesioak agertuko dira: “erlijioa, zorroztasun luteranoa, emakumearenganako lilura, inkomunikazioa, bikote maitasuna, gurasoen eta seme-alaben arteko harremana, heriotzaren hurbiltasuna, bakardadea…”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button