Nontzeberri

“Indie+ Festival 2020” EHUko Bizkaia aretoan

Bilboko EHUko Bizkaia aretoan, otsailaren 21 eta 28an, Indie+ Festival 2020 jaialdiaren barruan makina bat musikarik hartuko dute parte, 20:00etatik aurrera. Sarrera librea izango da aretoa bete arte.

Bi kontzertu potente programatu dira. Lehena, aste honetako barikuan, otsailaren 21ean: Soledad Vélez, Elena Setién eta Mice musikariekin. Datorren asteko barikuan, 28an, Joseba Irazoki & Lagunak, The Lizards eta Elle Belga taldeen txanda izango da.

Ekimenaren antolatzaileek indie musika estiloaren gaineko datuak eman dituzte honako lerroetan: “Hiztegiak ematen duen definizioak balio dezake 1970eko eta 1980ko hamarkadetako musikan indie terminoa nola sortu zen ulertzeko. Gazteak haserre zeuden, ez zuten inoren mende egon nahi ez abestiak idazteko eta argitaratzeko ez birak eta kontzertuak antolatzeko. Modu autonomoan eta autogestionatuan egin nahi zuten guztia, zuzen eta etikoki, multinazional handirik gabe, bai diskoak grabatzeko bai fanzineak editatzeko eta egiazko eta zuzeneko eran sortzen ari zena transmititzeko, eta euren musika eta iritziak defendatzen zituzten, inori eskua sartzen utzi gabe. Horrez gain kontuan hartzen baditugu artea arteagatik egitea, estetika, do it yourself kontzeptua, munduko egoera politikoa, etxe okupatuak, amorrua, punka, hardcorea, straight edge mugimendua eta lehen jaialdiak, ulertuko dugu historiako une garrantzitsu bat izan zela, eta, nolabait, betiko aldatu zuen musika.
Gero, sistemak, nahi duena egiteko ahalmena duenez, mugimendua eta kontzeptua bereganatu eta okertu zituen, eta ia marka bihurtzea lortu zuen. Baina gaur egun oraindik badago mundu independente batean bizi den artistarik, arteari dagokionez behintzat , eta bide zailak eta arriskutsuak egiten dituzte, denborek, multinazionalek, babesleek edo sare sozialek zer eskatzen duten aintzat hartu gabe. Artea arteagatik, berriro ere. Ezagut ditzagun”.

Artisten gaineko datu guztiak hemen kontsultatu ahal dituzue.

Exit mobile version