Nontzeberri

Indiako egunerokotasun distiragarria, Zarautzen

Emy de Lema argazkilari donostiarrak India izeneko erakusketa abiatu du urtarrilaren 12ra arte, Zarautzeko Photomuseum espazioan.

Erakusketak berrogeita hamar bat argazki bildu ditu, eta bertan, Indiako egunerokotasunaren zertzeladak bistaratzen dira. Egilearen arreta piztu duten pertsonen erretratuak  eta bertako bizilagunen begiradak harrapatu ditu, bai eta Ganges ibaiarekiko lotura, hango kaleak, merkataritza harremanak edota erritoak ere.

Josu Zaldibar  adituak esan duenez, “Emy de Lemak herrialde ugarietara bidaiatu du, batez ere Asiara, eta maiz taxuzko argazkilariez lagunduta, esaterako Tino Soriano, National Geographiceko argazkilaria. Bisitatu dituen herrialdeen alderdi emozionalenak harrapatzea lortu du bost urte bizien buruan. Tokian tokiko bizimodua, erritoak eta lekuekiko harremana zoragarri islatzea lortu du, beti ere argazkietan agertzen diren pertsonak errespetatuz”.

Indiako Gangeseko erriberatan milaka bidaiari eta erromes biltzen dira , eta errekak ere atsedena ematen die. “Bere uretan bizitzaren hasiera eta amaiera sumatzen dira. Biak, elkar hartuta doaz ubide itzelean, irentsiz, aldatuz eta aurretik eramaten du hurbiltzen denari, bertan erritoak eta sinesmenek ibaiertzaren sedimentuak osatzen dituzte”.

Hirietako kaleetan ferekak, esentziak, lurrinak, begiradak biltzen dira. “Bertako jendea ikusiz, izan nintekeena izan nahi nuke. Nora ezean dabiltza beraien saria, kurta edo churidar delakoekin, dhoti sinbolikoarekin apainduta. Koloreak begi-niniak blaitzen ditu: azafraia, Gangeseko ilunabar gorria, urdina eta urrea, ilen kultibatu laranjak, Kaliren aurpegi beltza, Krishna Jaunaren urdina, bioleta indiarra edo egunsentiko purpura”.

Exit mobile version