Nontzeberri

Indarkeria matxistaren inguruko “Volar” lana saridun

Bertha Gaztelumendik zuzendutako eta Emakundek ekoiztutako Volar filmak (2017) Atzerriko Dokumentalik Onenaren Saria jaso du Danimarkako Annual Copenhagen Film Festival izeneko zinemaldian.

Pelikularen korapiloa hauxe da: Iraganean genero-indarkeria bizi izan duten bederatzi emakumek asteburu bat elkarrekin emango dute landa-eremuan, eguneroko bizitzatik urrun. Askotariko adinak eta lanbideak dituzten emakumeak badira ere, gai dira hitzen beharrik gabe elkar ulertzeko. Indarkeria horren infernuari aurre egiteko izan duten adoreak elkartzen ditu, baita hortik bizirik irten izanak eta pairatutako sufrimenduari zentzua eman nahiak ere. Gainera, beste emakume batzuen eta gizartearen esku jartzen dute beren bizitzako ibilbidea, biktimismorik gabe

Donostiko Zinemaldian 2017an aurkeztu zenetik filma etengabe eman da sare komertzialetik kanpoko aretoetan. Euskal Herrian eta Estatuan ehun emanaldi berezi eta zine-lehiaketa baino gehiagoetan izan da filma, bere protagonisten parte hartzearekin. 2018ko edizioko zinemaldi hauetan ere eman da: Directed by Women (Madrid), MON·DOC Muestra docu de Montaverner (Balentzia), Bartzelonako Cat Zinemaldian, Festival Internacional de Cine de Ponferrada, eta Granada, Cadiz, Alacant eta Murtzian ere proiektatu da. Nazioarteko hainbat zinemalditan (Kolonbia, Mexiko, Berlin, Italia, Ipar Irlanda, Grezia,…) ere parte hartu du, eta oso bide oparoa egiten ari da.

Bertha Gaztelumendi, kazetaria da eta Bake eta Gatazken Konponbide Ikasketetako Masterra egina du Bradfordeko Unibertsitatean (Erresuma Batua). Gaur egun Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedrako ikerlari kontratatua da Euskal Herriko Unibertsitatean. Dokumental hauek idatzi eta zuzendu ditu: Mariposas en el hierro (Tximeletak burdinean, 2012), askotariko indarkerien biktima izandako emakumeen inguruan; Nigar franko egingo zuen aitak (2014), gerraosteko Amasa-Villabonako testigantzak jasotzen dituena; eta Las buenas compañías (2015) Nuria Casalekin batera zuzendutako film laburra.

Exit mobile version