Nontzeberri

Iñaki Mendizabal: “Poesia egin gura nuke argazkiekin”

Noctis Photo Books argitaletxeak Iñaki Mendizabalen BOX argazki liburua kaleratu du. Egileak boxeolarien mundu ilunaren argi izpiak harrapatu ditu zuri-beltzeko argazki ikusgarri eta esanguratsuetan. Mendizabalek itxuraz desordenatua eta arrotza zaigun mundu bat ezagutzera gonbidatzen gaitu, eta alegiazko mundu bat eskaintzen digu, mundu erreala bezain sinesgarria dena.
Berarekin izan gara egindako lanari buruz datu gehiago izateko xedez.

Zer topatuko du BOX liburua esku artean hartuko duenak? Kontatu zertan datzan proiektua.
Ez dakit zer aurkituko duen ikusleak/irakurleak. Agian, ezer ez, batek daki. Ni saiatu naiz galderak botatzen, probokatzen -nazka baino ez bada ere-. Gero gerokoak.

Bi arlo oso ezberdinak dira kamara hartuta argazkiak ateratzea, eta gero lan fotografiko hori guztiari liburu forma ematea. Nolakoa izan da prozesu hori zuretzat?
Argazki-liburu bat egiterakoan prozesurik politena eta aberasgarriena da edizioa. Eta konplikatuena ere bai. Horretan asko lagundu didate NOCTIS argitaletxekoek, Jesus Mari Arruabarrenak eta Txelu Angoitiak. Asko disfrutatu dut beraiekin.
Asko ikasten da edizio prozesuan, ikasten da zure aurreiritziak baztertzen, asko ezagutzen dudan boxeo mundutik abstraitzen,… Esango nuke argazkilaritzari buruz ikasi duzun zati handi bat desikasten ikasten dela edizio prozesuan.

“Porrot baten emaitza harrigarria da BOX” esan zenuen behin. Zer adierazi nahi izan zenuen?
Tira, ez dut nahi egin ez porrotaren ez boxeoaren apologiarik. Boxeoa baino kirol hobeagoak eta hezitzaileagoak egongo dira, eta porrota baino hobe da asmatzea, jakina. Baina askotan asmatzen ez dugunok, hau da, sarritan egiten dugunok kale, ikasi dugu porrotari etekina ateratzen. Beti ikasten da zerbait, porrotak beti garamatza espero ez genuen leku batera, ona edo txarra, eta, ezer ikasten ez baduzu ere, porrotak indartsuago bihurtzen zaitu. Hori gutxienez. Porrota da bide bakarra! (kar, kar…)
Kasu konkretu honetan, porrota erabatekoa izan da. Batetik, nik ez nuen boxeo liburu bat egin nahi, ez dut boxeoa dokumentatu nahi izan, boxeolarien egunerokoa kontatu edo antzerakorik, baina jenderik gehienak hori ikusten du liburuan. Zer egingo diogu ba! Gero, nik poesia dut maite, eta poesia egin gura nuke baita argazkiekin, baina BOXen ez dut hori lortu; eta, azkenik, bestelako amaiera bat eman nahi nion liburuari, boxeoan ematen diren ohiko topikoetatik at; hau da, erakutsi nahi nuen boxeoan momentu onak ere badirela, zoragarriak, bizi-biziak, guk asko disfrutatzen dugula boxeoa praktikatzen, giro ona egoten dela gure artean… Baina liburuak oka egin dit hori dena, eta horrelako argazki bat sartzen saiatzen nintzen bakoitzean, BOXek kanpora botatzen zuen. Porrot bedeinkatua!

Esan daiteke boxeo kirolaren gaineko irudirik beltzena azaleratzen saiatu zarela? Edo kontrakoa?
Nik uste erantzun dudala aurreko testuan. Gainera, argazkilaritza askozaz gehiago interesatzen zait boxeoa baino. Edo literatura, edo arte abstraktua, edo antzerkia, edo zinema, edo komikia, edo mendia…

Argazkigintzak inguratzen zaituen mundu-ikuskera guztiz berriak ematen dizkizu?
Nik ulertzen dudan moduan, argazkilaritza iraultzailea da, eskatzen baitu patxada, gauzak ondo pentsatzea, ondo-ondo begiratzea, berriz hausnartzea, berriz begiratzea, kritikoa izatea zeure buruarekin eta inguratzen zaituenarekin, errealitatea behin eta berriz zalantzan jartzea… Eta horrek kontziente egiten zaitu, zure ingurua arakatzen duzu, aztertzen duzu, birplanteatzen duzu une oro. Hau da, gure gaur egungo azaleko gizarte honen joera nagusien kontra doa. Badago gauza iraultzaileagorik? Bai, emakumezkoa, feminista eta euskalduna izatea. Baina tira, horri argazkilariarena gehitzen badiozu, tumatxa!

Irudiarekin zoraturik zaudetenok beti izaten duzue proiekturen bat egiteke. Zein da zeurea? Etorkizunean gauzatzekoak?
Ni ez nago irudiarekin zoraturik, niri ametsek zoratzen naute. Badakizu, jakintza da mugatua, eta desioak infinituak. Horrek torturatzen nau, harik eta ametsak erretratatzen ikasi arte. Lortuko dudan? Ez nuke nahi, nahiago baitut pentsatu ikasten pasako ditudala geratzen zaizkidan urteak, egunak, minutuak edo segunduak… Amen.

Exit mobile version