LITERATURA

Ipuin erotiko aldra bat “Esku hori!” lanean

Izenburu iradokitzaile honen azpian aurkeztu dute gaur goizean, Bilboko Elkar Megadendan, Basauriko Euskarabila elkarteak antolatutako Ipuin erotikoen lehiaketatik sortutako eta Txalaparta argitaletxeak Literotura sailean atonduriko liburua. Prentsaurrekoan, Edorta Jimenez idazlea, Mikel Soto editorea, Karmele Albisu Basauriko Euskarabila elkarteko kidea eta Itziar Abad eta Danele Sarriugarte ipuingileak bildu dira.

Bertan jakin dugun Euskarabila euskaldunon elkarteak lehiaketa antolatzeari utziko diola.  Hala adierazi du behintzat, bertako kidea den Karmele Albisuk: “1996an, ipuin erotikoen lehiaketa antolatzen hasi ginen, gazteen hizkuntza erabilerari eta irakurzaletasunari begira eraginkor izan zitekeelakoan. Hasierako asmo haren emaitza 17 lehiaketa eta hiru liburu izan dira. Bitarte horretan, ehunka ipuin, idazle izan nahi zuen gazte, idazle eta gerora idazle ezagun egin direnak izan dira lehiaketan partaide. 
2012ko honen ondoren, Euskarabila elkartearen beraren etorkizuna berraztertzen ari garen honetan, lehiaketan ere etena egitea erabaki dugu. Horretarako une egokia zela uste izan dugu: orain arteko edizio guztietako irabazleen ipuinak argitaratuta daude eta tiraderetan ez zaigu inorenik gordeta gelditzen. Ez dugu esaten epe baten barruan berrekingo ez diogunik, baina ezta egingo dugunik ere. (…) Gazte askorentzat idazten hasteko, trebatzeko, euren burua neurtzeko eta ezagutzera emateko aukera bat izan dela uste dugu eta hala adierazi izan digu hainbatek. Ipuin erotikoak izatea erabaki genuenean ere, ordura arte askorik landu gabea eta gazteentzat erakargarria izango zelakoan, asmatu genuela uste dugu.
Gaur, beraz, agur esaten diogu lehiaketari. Ez goaz penaturik, ordea, asebeteta baizik, gure ekarpentxoa egin dugulakoan eta liburu eder bat esku artean: Esku hori!

Liburuaren hasieran ere, aurreko urteetako irabazleak, ipuinen tituluak eta epai-mahaikideen izenak ere agertzen dira.

Gaur aurkeztu den liburu morean parte hartu duten egileak honakoak izan dira: Itziar Abad, Alaitz Andreu, Estitxu Arozena, Karmele Arrieta, Eneritz Dueso, Iratxe Esnaola, Imanol Epelde, Alvaro Iribarren, Miren Juaristi, Dani Martirena, Aitor Monge, Txema perez, Alvaro Rabelli, Danele Sarriugarte, Josu Unzueta. “15 idazle, 8 emakumezko eta 4 gizon” esan du Mundakako idazleak.

Hitzaurrea Edorta Jimenez monsieur-en eskutik etorri da, eta eskua hitza gakotzat hartuta idatzi du modu bikainean.

Ipuin erotiko aldra bat bildurik duzue liburu honetan. Irakurri eta gozatu!

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button