Nontzeberri

Iñaki Irasizabal idazleak “Zorioneko Familia” izeneko lana plazaratu du

Iñaki Irasizabal idazle porrokatua da eta makina bat lan plazaratuak ditu, azkena duela gutxi: Zorioneko Familia (Elkar) izeneko ipuinak.

Familia ardatz hartuta, bere barnean izaten diren argi-ilunak kontakizun bilakatu ditu durangarrak hainbat narraiotan. Argitaletxeak eman dizkigu lanaren nondik norakoak: “Familia: maitasunaren habia, gizartearen zutabea, elkar-laguntzarako tresna, umeen haztoki eta zaharren babesa. Familia: itxurakerien tenplua, gezurren zuloa, gorrotoen gordailua, zurruntasunaren eskola… Familiaz esan daitekeen on eta txar guztia da egia aldi berean, bera delako harremanetako lehenengo erakundea eta afektuen oinarrizko egitura.
Iñaki Irasizabalek, ipuin bilduma sendo eta mamitsu bat eskaintzen digu, familia foku eta gunetzat hartuta. Gozotik gutxi eta gazitik ugari dute hemengo istorioek. Protagonistak, berriz, ez dira ondo egokitzen bere ingurura, gauzak ondo egiten saiatu arren hanka sartzen dute; zailak dira, ergelak, zakarrak, hauskorrak…”

Iñaki Irasizabal Durangon jaio zen 1969an, Kazetaritza eta Soziologia ikasketak egin zituen, eta hainbat liburu idatzi ditu, gehienak noir generokoak. Bereak dira Burua txoriz beterik (Augustin Zubikarai nobela laburren saria), Mendaroko txokolatea, Gu bezalako heroiak, Igelak benetan hiltzen dira, Orbe auziaren ingurukoak, Bizkartzainaren lehentasunak, Odolaren deia, eta abar.

Exit mobile version