EZLEKUBAT

Imanol Ubeda, Bide Ertzean: “Kantuak egiteko modu bat sendotu dugula uste dut”.

Bide Ertzean taldeak ez daki geldirik egoten eta irudimen uholdea du kantagintzan. Orain une gozoan jarraitzen duela baieztatzen duen diskoa plazaratuko dute: Don Inorrez.
Taldeak geldialdi bat egin zuen 2008an Leidor Sessions zuzeneko diskoa prestatzeko. Lan goxo horretan hamar urtetan bizi izandakoa eta kantatutakoa erakutsi nahi izan zuten, baina ez zen geldirik egoteko tenorea, eta hala, lanean jarraitu dute azken lan hau gauzatu den arte. Honetaz eta hartaz mintzatu gara oraingo honetan Imanol Ubedarekin.

Izen bitxia aukeratu duzue titulurako. Zein da bere istorioa?
Umeak beldurtzen dituen pertsonaia da Don Inorrez. Azpeitia aldean hala izan da hainbat etxetan. “Ez bazara ondo portatzen, Don Inorrezek eramango zaitu!” (kastellanoz, “El hombre del saco” delakoaren parekoa edo).
Jose Luis Otamendiren eskutik izan genuen Don Inorrezen berri. Eta lehen aldiz entzun genuenetik, guztiz maitemindu ginen izenarekin. Kontraste horrek erakartzen gaitu, Don trataera duen Inorrez. Ze ona.
Gure kasuan, eta Jose Luis Otamendiren idatzi zoragarri batean oinarrituz, gidoia aldatu diogu Don Inorrez pertsonaiari. Izurdearen irudi hau baliatuz, tokiz kanpo kokatu dugu Don Inorrez. “Don Inorrez / deitzen didate / eta ni sasi artean / iratzarritako / izurde bat naiz / arnasa har nezake / baina ito egiten naiz”.
Lagun batek esaten zidan aurreko batean, ausentziari jarritako hitzak eta doinuak direla hauek. Eta arrazoirik ez zaio falta.

Leidor Sessions zuzeneko diskoa prestatzeko astia hartu zenuten azken hau baino lehenago. Zelan uztartu zenituzten bi lanak?
Orain esan dezakegu. Eromena izan zen. Zuzeneko diskoak guk uste baino lan gehiago eman zigun. Nola ez genuen egin nahi, oso argi genuen. Guk nahi genuen moduan egiteko, ordea, baliabide tekniko eta ekonomiko handi samarren premian ginen. Eta hori dena ziurtatu arte, denbora asko joan zitzaigun zuzeneko diskoa bideratzen.
Bitartean, kantu berriak pilatzen joan ziren. Konturatu orduko, bi buruhausteren erdian geunden. 2009ko abuztuan, goizez DVDari azken ukituak ematen ibili ginen eta, arratsaldez, Garate estudioan Don Inorrez diskoaren oinarriak grabatzen. Gure saltsan gustura, hala ere.

Esan dezakegu betiko Bide Ertzean dagoela disko berri honetan?
Bide Ertzeaneko betikoak behintzat bagaude. Diskoz disko, kantuak egiteko modu bat finkatu dugula uste dut.
Hortik abiatuta, sonoritate berrietara irekita gaude. Fran Iturbek Amerikako Estatu Batuetan denbora asko pasatzen du orain eta igartzen zaio eragin hori. Hortaz aparte, taldekoak ez diren musikariak gurera ekartzea ere gustuko dugu. Honakoan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko kide diren zortzi lagunez osatutako hari orkestra bat izan dugu estudioan. Hiru kantutan aritu dira Joserra Senperenak egindako konponketa zoragarrien aginduetara.

Kantuetako letrei garrantzia handia ematen diozue. Oraingo honetan beste autore batzuen poemak hartu dituzue.
Gure diskoetan, gure testuak dira nagusi baina lan denetan dira beste autore batzuen idatziak edo poemak. Honakoan ere, gurera ekarri ditugu diskoarekin bat datozen hainbat testu.
Jose Luis Otamendiren bi poema musikatu ditugu, eta baita diskorako espreski egindako testu bat ere.
Mikel Ibargurenen bi poema ere jaso ditugu. Jose Luis Otamendiren eskutik izan genuen Mikelen berri. Bere testu batekin osatu genuen Hotel Bel-Air abestia, 2004an. Geroztik, beste hainbat poema musikatuak ditugu. Eta horietako bi bildu ditugu disko honetan.
Juanra Madariagaren poema batekin osatu dugu beste kantu berri bat, Hutsik izenekoa.
Don Inorrez kantuan islatu dugun hariarekin ondo lotzen diren poemak, beti ere.

Zortzigarren diskoa da hau. Ez zarete errepikapenaren beldur? Nora doa Bide Ertzean?
Lehen aipatu dudan moduan, ibiliaren ibiliaz, kantuak egiteko modu bat sendotu dugula uste dut. Dagoeneko denbora asko egin dugu elkarrekin jotzen, eta sortzeko-abesteko-plazara irteteko modu jakin bat finkatu dugu.
Errepikapenarena, ez dakit zer erantzun. Aurrekoa, zuzeneko disko bat zen. Energia asko eta euforia ukitu bat ere badu Leidor Sessions diskoak. Hortik aldenduta daude disko berriko abestiak.
Edukiari dagokionez, estudioko azken lanean, Non dira izenekoan, 36ko gerrari buruzko hausnarketak bildu genituen. Eta Don Inorrez izeneko lan berri honetan, bestelakoak dira egiten ditugun hausnarketak, akaso inoizko pertsonalenak.
Azkenik, nora doa Bide Ertzean? galderari helduz, ba oso interesantea da baina ez dugu erantzun argirik. Pentsatzen dut testu on batekin, doinu eder batekin hunkitzeko ahalmena galtzen ez dugun bitartean, zer esanik ematen jarraituko dugula.

Folk, blues, country estiloen tantak antzeman ditugu Don Inorrez entzutean, beti akustiko ederraren oinarriarekin.
Inoizko organikoena izango da lan hau, egurra nagusi! (Bere zentzu literalean…).
Estilo horiek gustuko ditugu bai, eta azken aldi honetan bereziki Amerikako Estatu Batuetatik datozen artistekin tematuta gabiltza. Horrek izango du eraginik sormen garaian.

Natura ekarri duzue diskoaren azalera, Hokusairen estilo txinatar finarekin. Diskoa kultuko elementu gisa ere tratatzen duzue?
Garrantzia handia ematen diogu horri ere. Honakoan, Bide Ertzean diskografian lehen aldiz, azala ez du Garbiñe Ubedak egin, Joseba Poncek baizik (Dut eta Kuraiako kide).
Aspaldi ezagutzen dugu, musikari aparta izateaz gain, diseinatzaile fina ere bada. Uste dut oso ondo islatu duela disko honek transmititzen duena, hitzez eta doinuz osatu dugun giroa.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button