ARTEA

Donostiako memoria bisuala eta antzinako bizimoduak

Kubo Kutxa aretoan, XX. mendearen lehen hereneko bizimodu eta moda donostiarra ezagutzera emango da Moda-Eszena izeneko erakusketaren bidez. Artxibotik tiraka atondu da garai hartako giroan bizi izandako uneak. Artxibo horiek Gipuzkoako memoria bisuala dokumentatzeko eta gordetzeko balio dute, baita lurraldeko argazkilaritzaren historia osatzeko ere.

Kutxa Fundazioaren argazki-funtseko ehundik gora argazki biltzen dira erakusketan. Artxiboko bi funts nabarmenetakoak dira argazki guztiak: Photo Carte eta Foto Marín. Argazkiez gainera, ikus-entzunezko material batzuk ere aukeratu dira irudi finkoei bizitza emateko. Ikus-entzunezko materialak Euskal Filmotekak lagatakoak dira.

Hala, bertan bildu diren argazkiek erakusten dute “moda ezinbesteko faktorea izan zela Donostia nazioarteko aisia- eta sozializazio-gune bihur zedin XX. mendeko lehen hamarraldietan. Garai hartan, Côte Basque edo Euskal Kostaldea turismo-lurralde gisa finkatu zen. Bilakaera hori XIX. mendearen azken herenean abiatu zen, errege-erreginak orduantxe hasi baitziren udaldiak Donostian igarotzen, eta, hala, gortesauak, aristokratak, politikariak, industria-gizonak, intelektualak eta artistak ere erakarri zituzten. Fenomeno hori nabarmen hazi zen hurrengo mendeko lehen hamarraldietan”.
Miren Arzalluz komisarioak hala dio bere testuan: «Hiri modernoetako esperientziaren bertsio trinko bat eskaintzen zuen Donostiak udaldiz udaldi: kaleak, hiribideak, parkeak, lorategiak eta paseoak; kasinoak, hotelak, antzokiak eta kafetegiak; kontzertuak, antzezlanak, maskara- dantzaldiak eta kermesse-ak. Halako lekuak, bada, oholtzen parekoak bihurtzen ziren, eta Donostiako esperientziaren funtsezko alderdi bat zen eszena horietan jendea ikustea eta ikusia izatea, bai harreman sozialei zegokionez, baita moda-performance indibidual eta kolektiboen harira ere”.

Hortaz, erakusketaren bidez bertako janzkerak nola aldatu ziren ikusi ahal da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button