BESTELAKOAK

“Ikusi eta Ikasi” programa, umeentzako ikuskizunik onenak euskaraz

Bilboko Udalaren Euskara eta Hezkuntza Sailak, Euskaltzaleen Topagunearekin batera, abian jarri du Ikusi eta Ikasi programaren 13. edizioa. Ekimen honen helburua da euskararen erabilera bultzatzea ume bilbotarren artean, ondo pasatuz, kulturaren bidez hezkuntza sustatuz eta kalitatezko programazioa eskainiz. Programa datorren astelehenean, urtarrilak 16, hasiko da, eta apirilaren 5era arte iraungo du.

Ekimena 2 eta 8 urte bitarteko umeentzat dago zuzenduta eta eskaintzen dena era askotakoa da: antzerkia, magia, musika, dantzak, pailazoak, zirkoa, txotxongiloak, ipuin-kontalariak eta sabeliztuna; gainera, tailerrak, esate baterako, sukaldaritza, mozorrogintza, musikaterapia, barreterapia, sormenezko eraikuntza eta sendabelarrak.

Guztira, 66 jarduera garatuko dira aisialdia, kultura eta hezkuntza uztartuta Abandoko, Begoñako, Basurtuko, Errekaldeko, Castañoseko, Santutxuko, eta Zorrotzako udaltegietan, Indautxuko Karmen eta Bilborock aretoetan, Abusuko liburutegian, Euskararen Etxean (San Ignazio) eta Tiboli, Zamakola eta Iruarteta eskoletan, bai eta Euskararen Etxean, Abusuko liburutegian eta Iruarteta eskola San Adrianen ere.

Aurten tailerren kopurua handiagoa izango da. Iaz 24 izan ziren eta aurten 28 izango dira. Aurten ere Iñaki Eizmendi hezitzaileak zenbait hitzaldi eskainiko ditu gaztelaniaz, gurasoei orientabideak emateko. Eizmendik horietan euskaraz ez dakiten gurasoei seme-alabei lagundu ahal izateko orientabideak emango dizkie.
Beste alde batetik, Eukene Larrea psikologo eta terapeutak hitzaldiak egingo ditu euskaraz gurasoek emozioak kudeatzen ikasteko.

www.ikusietaikasi.net webgunean programazioa, albisteak, bideoak eta agenda kontsultatu ahal izango dituzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button