LITERATURA

Literaturan gertatu den zentsuraz

Euskaltzaindiak urtean birritan plazaratzen du Euskera agerkaria. Azken zenbakiak argia ikusi du eta monografikoa izan da. Bertan, EHUko Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan (MHLI) ikertaldeak 2018ko ekainean Donostiako Miramar jauregian antolatu zuen Literatura eta Zentsura gaiaren ingurukoak bildu dira. Atzo aurkeztu zen lana, eta bertan Joan Mari Torrealdai eta Miriam Urkia euskaltzain osoak eta Mari Jose Olaziregi eta Lourdes Otaegi EHUko irakasle eta ikertzaileak bildu ziren.

Iazko biltzarrak Joan Mari Torrealdaik euskal ikasketetan zentsuraz egindako ikerketa handia aitortu eta omendu nahi izan zuen, izugarria baita ikerlariak zentsura frankistari buruz eginiko ekarpena. Eta horrek isla izan du lan horretan ere.
Zenbaki monografiko horren bigarren atal batean zentsuraren ingurukoak bildu dira; era askotakoak gainera, zentsuraren teorizazio garaikidetik abiatu eta proposamen berritzaileetaraino, eta obra, literatur genero edo adierazpide artistiko zehatz baten gaineko hausnarketak ere sartu dira. “Kontu bitxiak eta berritzaileak ere badira. Esaterako, Ismael Manterolak aztertu du Frankismoaren zentsura arte plastikoetan; Lourdes Otaegik Gabriel Arestiren poesia zentsuraren aurrean artikulu argigarria idatzi du; Zentsura eta errealitate sinbolikoa jorratu du Ana Gandarak; Idoia Gereñuk XX. mendean antzerkiak pairatu zuen mututzea…”

Euskera Euskaltzaindiaren agerkari ofiziala da eta 1920. urtetik argitaratzen da. Urteko lehen zenbakiak (buletinak) Euskaltzaindiaren lana eta bizitza akademikoa biltzen ditu, eta bigarrenak Akademiaren lan esparruetako ikerketa-artikulu originalak, liburu-aipamenak eta antzekoak jasotzen ditu.

Kasu honetan, argitalpen hau ez da izango biltzarrak emandako emaitza bakarra, izan ere, laster, Alemaniako Peter Lang argitaletxearen eskutik argitalpena kaleratuko da gaztelaniaz.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button