Nontzeberri

Iker G. Rike idazleak “Patuaren zurrunbiloan” lana plazaratu du

Joan den ostiralean aurkeztu zuen egileak, Erein argitaletxeko Iñaki Aldekoa arduradunarekin, Patuaren zurrunbiloan lana. Iker Garcia industria sektorearekin zerikusia duten zenbait enpresatan lan egin badu ere, zinema-gidoiak eta film laburrak idatzi ditu, eta Patuaren zurrunbiloan da bere lehen nobela.

Argitaletxeak azaldu duenaren arabera, idazleak  trama konplexu baten alde egiten du bere estreinako literatura lanean. “Eleberri beltz bat da, eta irakurleok istorioan erabat murgilarazten gaitu, Asier Escribanoren urratsei adi, ondoren zer gertatuko zain. Hala, tentsio handiko uneak eta lasaialdi txikiak txandakatzen dira. Esaldi batean protagonistaren egoerari konponbide bat aurkitzeko itxaropena pizten du gugan, eta hurrengoan, aldiz, amaiera zoriontsu baterako aukera guztiak zapuzten dizkigu berriz”.

Patuaren zurrunbiloan lanaren korapiloa honakoa duzue: “Asier Escribanok den-dena dauka bizitzan, baina gehiago nahi du. Boterea eta prestigioa eskuratzeko grinak bultzatuta, edozer egiteko prest dago bere helburua lortzeko. Ondorioak neurtu gabe, bide korapilatsu eta beldurgarrietan barrena abiatuko da, bere burua hainbat egintza kriminaletan nahasita ikusi arte. Apurka-apurka, kosta ahala kosta saihesten ahalegindu zen zorigaiztoko patura hurbilduko da.”

Exit mobile version