LITERATURA

Igor Estankonak “Moskito” poema liburua kaleratu du

Igor Estankona idazleak Moskito izeneko poema liburua idatzi du, eta Susa argitaletxeak kaleratu du. Gaur goizean lan horren aurkezpena egin dute Donostian.

Lan hori, Igor Estankonaren bosgarren poema liburua da, azkenekotik hamaika urte igaro ondoren argitaratutakoa. Argitaletxeak adierazi du zertan den lan berri hori: “Bizitzaren bideak bezain zabala eta ustekabekoa, Moskito aitatasunaz ari da, bikoteaz, nazioaz, heriotzaz. Agerpen eta desagerpenean, adierazte eta ezkutatzean oinarritzen den unibertsoa da berea, lanbroak ezkutatutako poesia, hainbat irakurketarako aukera iradokitzen duena. Estankonak badaki zinikoa izaten, baina badaki esperantzari eta poesiaren edertasunari eusten ere.”

Igor Estankonaren aurreko poemarioak honakoak dituzue:  Anemometroa (1998, Susa), Tundra (2002, Susa), Ehiza eta nekea (2004, Kutxa) eta Iratzeen esporak (2009, Susa).

Hemen duzue liburua zabaltzen duen lehen poema zoragarria.

HALABEHARRA

Hodeiak jotzen duenean
euriak badaki
udazkena baino lehen, lehen seinaleekin
hostoek badakite ahariak dakiena zahartzaroan, alegia
egun batez gaua izango dela
leihoa ireki eta gure eguna
leihoa ireki eta gure eguna, noski
eta orduan herensugea iritsiko da ondorio batera, hots
gizakien bihotzek badakitela ezpainek ezer esan orduko
eta ama batek badaki minaz eta plazeraz eta ibaiez
eta sailburuak badaki dutxatzen denean
eta suak badaki oxigenoa jan ahala
horregatik lurruna, kea, eta askotan ez da ezer ikusten
memoriaren trenetik, soilik zelai zuriak
hiririk gabe elurraren
beste muturrean, eta hil denak badaki
baina zuk ez eta hala ere
sumatzen duzu zerbait, ez da hala?

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Cookie propioak erabiltzen ditugu, bai eta hirugarrenen cookieak ere, zure nabigatze-esperientzia eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartutzat joko dugu.Ikusi cookien politika.

ACEPTAR
Aviso de cookies
Tresna-barrara saltatu