BERTSOTAN

Igor Elortza bertsolariaren ibilbidea, “Hitzetik Hortzera” programan

Igandean amaituko da Hitzetik Hortzera saioaren denboraldia, eta azken programa hori Igor Elortzarekin egingo dute. Betiko lez, saioa igandean izango da, 15:00etan, ETB1en.

30 urtetik gora igaro dira Igor Elortza plazara hurbildu zenetik (Elortzak Izurtzako frontoian kantatu zuen lehen aldiz jendaurrean), eta une intentsu asko bizi izan ditu, durangarrak xehe-xehe kontatuko dituenak, bai eta plazako irakaspenak, txapelketako une gogoangarriak, eta abar ere. Horiez gain, bere bertsoaldi esanguratsuen bilduma eskainiko dute telebistan.

Hitzetik Hortzera programako lagunek adierazi duten moduan: “mihi zorrotzeko bertsolaria dugu, kultur munduarekin konprometitua. Musikazalea ere bai, Zazpi Eskale edota Gu Ta Gutarrak proiektuak horren erakusgarri: bere lehenengo plazan irabazitako 1.000 pezetak Hertzainak taldearen diskoa erosteko erabili zituela jakinda, espero zitekeen. Ibilbide honetan bidelagun izan dituen pertsona garrantzitsuak ezagutuko ditugu, Jon Lopategi irakaslea edota Unai Iturriaga laguna, kasu: “Nire bizitzako pozik handienetakoak eta lagunik onenetakoak bertsoaren bueltan egin ditut”. Bertsolaritzarentzako garrantzitsua izan den belaunaldi bateko partaidea da Elortza: bertso mundua berritu zuten eta, berak dioen bezala, giro onean. Genero ikuspegiari dagokionez, plazaren eraldatze prozesua nola bizi duen jakingo dugu. Bestalde, badira bi urte Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Lehendakaritza taldeko kide denetik eta horren inguruan ere galdetuko diogu”.

Bertsolariaren une garrantzitsuenetako batzuk ekarriko dituzte pantailara, eta hor ere agertuko dira Joxe Agirre, Maialen Lujanbio edota Unai Iturriaga.

Igandean, 15:00etan, denboraldiko azken hitzordua Hitzetik Hortzerarekin. Ez galdu!

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button