ESZENA

Igandean hasiko da Beran, bertako “Kafe Antzerki Zikloa”

Berako Euskara Batzordeak, Berako Kultur Batzordearen eta Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen laguntzarekin, Berako XXI. Kafe Antzerki Zikloa antolatu du azaroan. Kafe antzerki ziklo honek euskarazko antzerkia ostatuetara eta, oro har, jendea biltzen den tokietara eraman nahi du.

Aste honetako igandean, azaroaren 10ean, izango da lehen emanaldia Tartean Teatroaren eskutik: Tabernaria. Instrukzioak botatzeko ondo bat kaña. Bakarrizketa Patxo Telleriak idatzi eta zuzendu du, eta Mikel Martinezek aktore lanak egiten ditu. Cafe Bar Bilbao Sariaren 15. edizioan, Patxo Telleriarentzat sari berezia izan zen, azken urteotan euskal dramaturgian egindako lanagatik eta, zehazki Tabernaria: instrukzioak botatzeko ondo bat kaña teatro laburreko lanagatik.
Bertako eszenan tabernariak bere ohiko bezeroak biltzen ditu, kaña bat ondo botatzeko instrukzioak emateko aitzakiarekin. Baina bakarrizketa aurrera joan ahala, tabernariak beste kontu batzuetaz hitz egingo digu, bere beldurrez eta desirez, zein beste gai sozial batzuez ere. Forma aldetik ere berezia den antzezlan labur honek 30 min iraupena du.

Azaroaren 17an, igandean, izango da hurrengo saioa, 18:00etan. Kasu horretan, Beheko Larraine Taldeak Manifestu Bat obra oholtzaratuko du. Beti bazterreko pertsonaia bat baino izan ez denak, azkenean, arreta bereganatuko du antzezlan honetan. Bere barne-ahotsek behingoagatik, begirada guztien erdigunera bultzatuko dute. Bueltan, bere begirada itzuliko digu. Nolako begirada, halako errealitatea. Begirada ironikoa heriotzari bizitzaren gorabeherak erakutsiz. Zerbait erakutsiko digu azkenerako?

Azken lana, azaroaren 24an izango da herriko Goxune Kafetegian, 18:00. Hitzorduan Idoia Torregarai eta Mirari Martiarena antzezleak Bakean dagoenari bakean utzi obra egingo dute. ikuskizuna elkarrekin lotzen diren elkarrizketak osatzen dute. Bertan, euskara eta generoari buruzko hainbat kontu aletzen dira, betaurreko umoreak jantzita.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button