MUSIKA

Idi Bihotz taldeak urteetako abentura musikalari bukaera ematea erabaki du

Euskarazko Heavy Metal musika bultzatzen hamarkada eta erdi inguru eman ondoren, Idi Bihotz taldeak urteetako abenturari bukaera ematea erabaki du. Guztira sei disko plazaratu eta makina bat kontzertu eskaini ditu penintsula osoan. Nolanahi ere, agur esateko ordua dela erabaki dute bizkaitarrek eta datorren udazkenean ibilbideko azken kontzertua eskainiko dute. Beraien ibilbideari errepaso on bat emanez, zuzeneko gogoangarria egingo dute. 90ko hamarkadan Su Ta Gar edo Latzen taldeek hasi eta hedaturiko euskarako heavy musikari segida eman zioten. Hain zuzen ere, Bizar anaiek gidatutako boskoteak bere lekua egin du Europako power metalaren eszenan (Helloween eta Stratovarius taldeak dira erreferente), eta Euskal Herriko ordezkari esanguratsuenak izan dira.

Azken kontzertuaren xehetasunak zehaztu eta argitu aurretik, bizkaitarrek agur esateko adierazpen hau luzatu nahi izan dute:

"Kaixo adiskideak!
Betidanik jakinarazi digute, hasiera duenak amaiera ere duela. Atzean utzi ditugu dagoeneko, ehundaka kontzertu, mila entsegu baino gehiago, 54 kanta, 5 estudio diska, zuzeneko CD eta DVD-a, VHS home bideoa, eta batez ere ilusio handiz beteriko ordu pila. Uste dugu garai honen amaiera heldu dela, 14 urte iraun duen une bakar bat. Gu geu, garenarekin gelditzen gara, betiko lagunekin eta bidetik gehitu diren lagun guztiekin. Ez genuen sekula pentsatuko heldu garen lekura helduko ginatekeenik, milaka lagunen aurrean eta munduko talderik onenetariko batzuekin joko genuenik, gure hizkuntza Euskal Herritik kanpora eramango genuenik, ezta hemengo, estatuko eta munduko zenbait aldizkari, serie, filma edota libururen batean aterako gintuztenik, eta are gutxiago Japonian hainbat diska saldu edota Britainia Handiko Rock Hard-en urteko taldeen artean egongo ginenik ere. Agian hauek guztiak, gertaera xumeak izan daitezke baina ziur gaude, Idi Bihotz-ek pentsa genezakeena baino askoz gehiago eman diguna, eta agian egunen batean guzti honen jakitun izatera iritsiko gara.
Eskerrik askorik beroenak, guri gehien gustatzen zaigunaz, musikaz, haiekin gozatzeko aukera eman diguten herri eta hiri guztiei, zuen plazetan jotzeko aukera eman diguzuelako. Eskerrik asko ere festibal ezberdinei, promotorei, gure managerrei, komunikabideei eta urte hauetan zehar ezagututako talde izugarriei, eta nola ez, zuei, jende guzti horri, zuen bihotzak ireki ta beharrezkoa den berotasuna eman diguzuelako, gu zuen bizitzen barruan sartzearren eta kontzertu guztiak ahaztezinak bihurtu dituzuelako. Bihotz-bihotzez, eskerrik asko!!!.
Baina ez goaz beste barik, gehien atsegin duguna eginez agurtuko gara, azken kontzertu ahaztezin batekin. Laister zehaztuko dugu non eta noiz izango den , espero dugu guzti-guztiok bertan egotea, Idi Bihotz-i txapela jarriz izugarrizko garai honi amaiera emateko eta azken gau hau gure bihotzetan behin-betiko gordetzeko."

Stereo Producciones-ek bidalita

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button