LITERATURA

“Idatz & Mintz” aldizkariaren 66. zenbakia kalean da

Labayru Fundazioaren eskutik, Idatz & Mintz literatur aldizkariaren 66. zenbakiak argia ikusi du.  Betiko legez, makina bat testu bildu dira azken zenbaki honetan: narrazioak, entseguak eta poemak.

Miren Agur Meabek idaztitako Ametsen inbentarioa izeneko narrazioak zabaltzen du alea. Horren ostean datoz,  Lourdes Unzuetaren Aske izan gura, Juanra Madariagaren Lau urtaro daltoniko, eta Inaxio Lopez de Aranaren Eutsi beheari!  testuak. Azken hori, K2 mendiko maldetan hildako mendizaleen omenez idatzita.

Narrazioen ostean, Jabier Kalzakortak ahozko literaturaren matazan murgildu da beste behin, eta Baratzian zoin den eder aza eta porru-landare edo Oi uda-lili polita kantua izeneko testua ondu du.  Zenbait amodiozko kantu ezagunak dira Iparralde osoan eta euskalki bateko eta besteko aldaerak dituzte. Antzinako testigantzak baliatuta kantu zahar batzuen aldaeren atzetik abiatu da egilea.

Poesiaren arloan, Eneko Urizarrek Poema barik ezin dut poema bilduma argitaratu du. Poema laburrak, txikiak, intentsuak. Xabier Bovedaren testua dator gero: Juan Ramon Jimenez (1881-1958), idazlearen gaineko zertzeladak ekarri ditu orriotara. Idazle handiaren poema batzuk euskaraturik ezarri ditu bertan ere.

Azkenik, saio-artikulu batean, Sebastian Gartzia Trujillok Juan Mari Lekuonaren eliz kantak izeneko lana publikatu du.

Datu guztiak: Labayru Fundazioa

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button