ARTEA

Ibon Aranberrik “Itzal marra” interbentzioa aurkeztu du San Telmo Museoan

Museo Bikoitza proiektuaren lehen edizioan aritu den Ibon Aranberri artistak bere lanaren emaitza aurkeztu du San Telmo Museoan: Itzal marra. Obra dagoeneko ikusgai dago museoan.

Lehen edizio honetarako, Aranberrik interbentzio bikoitz bat sortu du, museoko funts lekualdatuetatik sortutako material eta estratuez osatua.

Hala, Itzal marra izenburupean, batetik, “biltegiratze-sistema gisa eskuz egindako egitura bat berreraikitzen du, eta, bestetik, aurkitutako gainazaletako idazkunen gainean sortutako kalkoen bilduma oso bat aurkezten du”, museoko arduradunek azaltzen dutenez. Obra bat museoko klaustroan egongo da ikusgai, eta bestea oroitarrien biltegian, elizako atrioaren ondoan.

Museo Bikoitza proiektua 2018an aurkeztu zen aldizkako esku-hartzeen programa bat da, urtero gonbidatutako artista batek egiten duena. Artistek edukiko dituzten lan esparru posibleak San Telmoren bilduma, museografia, testuingurua eta historia dira.

Proiektuaren helburua, museoko arduradunek argitzen dutenez, “artista ezberdinen eskutik, bildumaren eta kontakizun museografiakoaren hainbat berrirakurketa ahalbidetzea da”. Hala, lan horren emaitza erakusketa-programaren barruan egon ondoren, museoaren arte-bildumari gehituko zaio.

Hala, Ibon Aranberri  artista hautatu da oraingoan proiektua abiatzeko eta museoarekin lotuta lan egingo du proiektu berri baten produkzioan.

Ibon Aranberrik diseinua eta eskultura ikasi zituen EHUn eta Milanoko eskola politeknikoan eman zien jarraipena bere ikasketei.  Artelekuko lantegitan aritu ondoren, New York eta Japoniako zentro ezberdinetan osatu zuen formakuntza. Harrezkero ibilbide oparoa garatu du eta tarteka irakasle lanetan ez ezik, bakarkako nahiz elkarlanean zenbait erakusketak ere egin ditu, besteak beste, Vienako Secession, Bartzelonako Fundació Antoni Tapies, Madrileko Museo Reina Sofían, edota Alemaniako Kunsthalle Basel  eta Frankfurter Kunstvereinen, edota Txinako Suzhou Art Museoan.

Informazio gehiago, hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button