LITERATURA

Iban Zalduaren `Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak´ ipun bilduma, kalean

Kalean da dagoeneko Iban Zalduaren (Donostia, 1966) ‏ Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak, azken lau urteetan idatzitako 32 ipuinen bilduma. Elkar argitaletxearen eskutik, bere aurkezpenean adierazitakoaren arabera, “errebelatzen diren edo ez diren sekretuak daude istorioetan”, fikzioaren bitartez irakurleari hobeto isla daitezkeenak.

Istorio laburrak oro har, gaien, estiloen eta tekniken ugaritasuna erakusten digu Zalduak (@IbanZ) trebetasun handiz, egunerokotasunari azpilak bilatzen dizkioten kontakizunak. Hala ere bada fantasiari zirrikitu bat irekitzen dioten istorioak, bikoteen arrakaletan arakatzen dutenak, euskal gatazkari geruza berriak bilatzen dizkiotenak, elkarrizketa-bidezkoak, txosten gisakoak, jostalariak, dramatikoak, ironikoak… “Fikzioaren festa bat, azken batean”, Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editorearen esanetan.

Zalduaren lan berri honetan ere, bada bere lanetan ohikoa den euskal gatazkari erreferentzia egiten dion istoriarik.  Baina honetan, ñabardura batez. “Gatazkaren inguruan idazleok dugun egitekoa oso xumea da beste batzuen aldean; kazetariek, historialariek dute egiteko garrantzitsuena gertatu izan denaren kontakizunak bilduz, errelatoa deitzen duten hori osatzeko. Ipuin hauetan gatazka bera baino gehiago azaltzen dira gatazkaren kontakizun horien inguruko kontakizunak eta hausnarketak”, bere esanetan.

Aurkezpen ekitaldiak, Ana Malagon idazlearen eta Aitor Arregi zinemagilearen laguntza izan zuen. Malagonek, kontakizunetan familiaren disfuntzioak jorratzeko oso modu aberatsa duela azpimarratu nahi izan zuen aurkezpen ekitaldian: “ibanek familiaren gaia oso ondo islatzen du ipuinotan , batez ere alabek duten presentzia handian”, bere esanetan.

Arregik bestalde, Zalduak egoera arrunt batean elementu ez hain arruntak txertatu eta deserosotasun egoera bat sortzeko gaitasun berezia daukala adierazi zuen atzokoan. “Bere literatura oso zinematografikoa da. Ez irudien indarragatik, gertakizunen garapenarengatik baizik”, gaineratuz.

 

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button