ARTEA

Donostia ardatz duten hiru erakusketa

Donostiako Kutxa Boulevard Aretoetan hiru erakusketa daude ikusgai datorren urriaren 13ra arte: Jose Manuel Bielsaren Arkitekturak-Donostia; Jose Javier Pi Chevroten 1813ko hondamendi aurreko Donostia gogoratuz; eta, azkenik, Rafael Munoa Roizen Hiriburu baten eraikuntza. Hirurak Donostia hiriaren ingurukoak dira.

Jose Manuel Bielsa duela 35 urte bizi da Gipuzkoako hiriburuan, eta argazkigintzako hainbat esparrutan egin du lan, baina arkitektura eta hiri-paisaiak ditu kutunenak. Kutxa Boulevard aretoetan paratu duen erakusketak Donostia erakustea du xede: “Oro har nabarmendu gabeko edo ezkutuko xehetasunen bitartez; hiriaren hirigintza eta bertikaltasunak antzematea, materiarekin eta argiarekin sortzen diren ustekabeko topaketen bitartez”, azaldu du argazkilariak.

Jose Javier Pi Chevroten 1813ko hondamendi aurreko Donostia gogoratuz erakusketak, berriz, XIX. mende hasierako hiriaren irudia eta paisaia erakustea du helburu 3D teknikaren bitartez, Donostiaren berrehungarren urteurrenaren harira.

Azkenik, Hiriburu baten eraikuntza erakusketa Rafael Munoa Roizen (Donostia, 1930-2012) argazki funtsarekin osatutako erakusketa da. XIX. mendean harresia bota ostean, Donostian izandako garapen urbanistikoa biltzen du erakusketak, hainbat argazkilariren lanen bitartez, hala nola, Hermenegildo Otero, Valentin Marin eta Miguel Agirre.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button