Nontzeberri

“Hura ez da Lekua” berriro ikusteko aukera izango da martxoan

Metrokoadroka kolektiboak duela urtebete estreinatu zuen Hura ez da Lekua Korrika Kulturalaren kultur egitarauaren baitan. Harrezkeroztik, hainbat herritan ikusi ahal izan da, eta martxoan aukera berriak egongo dira ikusteko.

Hala, 2an Donostiako Ernst Lluch kultur etxean taularatuko dute obra; 9an Ordiziako Herri Antzokian Ahoz aho jaialdiaren barruan, eta 16an eta 17an Bilbon, Pabiloi 6an.

Musika, poesia, pintura eta antzerkia uztartzen dira Hura ez da lekua eszenaratzean. Honatx, Oier Guillanek estreinaldia egin zuten garaian kontatu ziguna. “Hura ez da lekua, Eskuen sustraiak ikuskizunean parte hartu genuenok sortu dugu, Iñigo Ortega aktorea taldera gehituta (metrokoadroka sormen laborategia izeneko plataforma sendotu dugu lana sinatzeko). Eskuen sustraiak ikuskizunean musika, poesia eta pinturaren bidetik oholtzan elkarrekin egoteko modu bat topatu genuen, Hura ez da lekuarekin horretan sakontzen saiatu gara antzerkia gehituta. Hainbat hilabete eman ditugu lanean, esperimentatzen, eta lengoaia ezberdinen arteko zubiak bilatzen. Hori izan da hain zuzen ere zailena, erronkarik handiena. Hura ez da lekua beraz elkarrekin egindako bilaketa horren emaitza da, oraindik emanaldiak egin ahala garatzen jarraituko dugun ikerketa bidea”.

Hortaz, gogoratu martxoan antzezlan interesgarri hau ikusteko parada berriak izango direla.

Exit mobile version