Nontzeberri

Huntza taldearen musika modu sinfonikoan

Huntza taldearen musika beste era batean entzuteko abagunea izango duzue egunotan, Euskadiko Orkestraren eskutik. Orkestra makina bat euskal musikarirekin aritu da, ezagunak egiten zaizkigun euskal autoreen kanta horiek beste soinu bat har dezaten. Ekimen honekin orkestrak beste publiko batzuentzako eskaintza musikala zabaldu nahi du, arlo sinfonikoan ezohikoagoak diren errepertorioetan murgiltzearen bidez.

Orkestrak bere ibilbidean, Ken Zazpi, Michel Camilo, Kepa Junkera eta Benito Lertxundirekin egin ditu antzeko proiektuak, beti ere, kontzertu-formatuan, baina orain,  bideoklip formatura egin du jauzi. Formatu hau Zea Mays eta Doctor Deseorekin abiatu zuen eta apirilean Izarorekin errepikatu du.

Orain, Euskadiko Orkestrak Huntzarekin grabatutako beste hiru bideo aurkeztuko ditu, Fernando Velazquezen zuzendaritzapean. 2019ko azaroan grabatu zituzten euskal rock taldearen hiru kantak, baina orain argitaratuko dira ETBn eta Euskadiko Orkestraren sare sozialetan. Lasai lasai, Olatu bat eta Aldapan gora bideoklipak uztailaren 2, 3, eta 4an  estreinatuko dira, hurrenez hurren.

Exit mobile version