ESZENA

“Humanity at Music” sinfonia kooperatiboa, Gasteizko Buesa Arenan

Humanity at Music musika, dantza eta sorkuntza literario bidezko esperientzia sinfoniko- kooperatibo berritzailea oholtzan aurkeztuko dute, Gasteizko Buesa Arenan.

Ikuskizunaren hitzordua  datorren larunbatean, irailaren 14an, izango da, eta egun osorako ekintzak eta ikuskizun kulturalak ondu dituzte proiektu horren baitan.
Musika, narratiba, kantua, ilustrazioa, bertsolaritza, antzerkigintza eta dantza bilduko ditu Humanity at Music-ek, eta Mondragon Kooperatibako bazkide eta langileen parte hartzea ez ezik, lehen mailako artistak eta kolaboratzaileak ere esku hartuko dute.

Hala, Fernando Velazquez musika-konposatzailearen batutak gidatuta, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa arituko da kooperatibagintzaren soinu-banda interpretatzeko. Gainera,  Lo imposible eta El Orfanato-rako konposatutako musika, edota Goya saria irabazi zuen Un monstruo viene a verme filmeko soinu-bandak ere interpretatuko ditu. Josu Camara, Kukubiltxo antzerki konpainiako zuzendaria izango da figurazioaren eta ikuskizunaren koordinazio lanetan, eta Fernando Velazquezen musikaren konpasean arituko da Jon Maya eta Kukai dantza taldea, beren beregi ekimen honetarako sortu duen ikuskizunarekin.

Jon Sarasua bertsolaria, proiektuari hitzak jarri dizkion letra-egilea, idazlea eta irakaslea ere presente egongo da ekimenean. Andoni Egaña, Onintza Enbeita, Julio Soto, Jone Uria, Amets Arzallus, Oihana Iguaran, Xabier Igoa eta Maddalen Arzallus bertsolariek ere bertsoak sortu dituzte proiekturako. Leire Bilbao, Katixa Agirre, Irati Jimenez, Gloria Totorikaguena eta Pili Kaltzada idazleek, era berean, sorkuntza literarioaren ardura izan dute. Eta Maite Mutuberria  ilustratzailearen marrazkiek irudizko mundu bat sortu dute, 2018ko Durangoko azokan aurkeztutako liburuan ikusi daitezkeenak, eta ikuskizunean emango dituztenak, hain zuzen. Eta etxeko txikienak ere egunaz goza dezaten, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen emanaldia ere ondu da.

Baina zalantzarik gabe, 1.000 pertsonez osatutako abesbatza erraldoiak jarriko dio ginga ikuskizunari. Abesbatza horren ikusgarritasunaz gain, bere berezitasun nagusia, Mondragon Kooperatibako bazkidez eta kooperatibistez osatzen dela da, eta azken hilabetetako hainbat entseguren ondoren, Fernando Velazquezek Mondragonerako egindako soinu-bandaren musika konposizioa interpretatuko du.

“Musika, dantza eta sorkuntza literario bidezko esperientzia kooperatibo honek,  Mondragon-en historia, oraina eta etorkizuna kontatzeko modu berri bat erakutsi nahi du Humanity at Music-ek. Ez da sekula kontatu eta kantatu esperientzia kooperatiboa Humanity at Music-ek egingo duen moduan. Ez du zer ikusirik izango orain arte egin denarekin, ezta proiektuan parte hartzeko moduak ere. Izan ere, ekimen berri honek Mondragon eta bertako kooperatiba guztiek osatzen duten kolektiboaren parte-hartzea bultzatu nahi du. Kooperatibismoaren erroak mantenduko dira, baina aktoreak aldatuko dira”, azaldu dute antolatzaileek ikuskizunaren nondik-norakoak azaltzerakoan.

Egun osoko programazioaren xehetasunak eta informazio osoa: humanityatmusic.com

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button