ESZENA

Fikzioa eta gezurra uztarturik

Urtarrilaren 27an, Donostiako Gazteszenan, eta Mari Zaunka konpainiaren eskutik, Erreka ondoan, bi gezur  izeneko pieza oholtzaratuko da. Mari Zaunkaren azken sormen honek dantza, ahotsa eta testua uztartzen ditu, eta interpretazioa Nerea Gurrutxagak eta Oihana Vesgak burutuko dute.

Erreka ondoan, bi gezur dantza garaikidea oinarri duen obra eszenikoa da, eta “fikzioa eta gezurra kontzeptu gisa uztartzen dira bertan, kondairen unibertsoan barneraturik.
Kondaira da sormen prozesuaren abiapuntu eta kokalekua. Literatur genero epiko hau, pertsonaia fantastikoak eta naturaz gaindikoak dituena, eta maiz ezaugarri historikoak dituena da obraren oinarria.
Emanaldian, fikziozko elementuez gain, gizarteko errealitate zuzenetik hartutako elementuak daude, egungo narratibak edo egiak fantasiazko istorioarekin kutsatu eta transformaturik. Lanak transformazio bidaia batean barneratzen gaitu.”

Mari Zaunka Nerea Gurrutxaga eta Oihana Vesga dantzari eta sortzaileek osatzen duten kolektiboa da. 2018an ekin zioten elkarlanari. Bi adar nagusi ditu taldeak lan ildoari dagokionez. Batetik, lan koreografikoen garapena aurrera eramatea, kutsu propioa duten obrak eraikiaz. “Mugimenduaren eta ahotsaren inguruko ikerketa eta kontzientzia soziala dira sormen prozesuen funtsa, dantza garaikidea beti ardatz nagusia izanik”. Eta bestetik, hezkuntza eta mediazioaren arloak garatzen ditu Mari Zaunkak. Adibidez, Gipuzkoako hainbat Emakumeen Etxetan dantza garaikidea eta gorputz adierazpen saioak egin ziren, “norbanakoaren ahalduntzea garatu eta emakumeen arteko elkar partekatzea bultzatzeko”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button