Nontzeberri

Holokaustoaren istorio zirraragarria “Auschwitzeko tatuatzailea” lanean

Alberdania argitaletxeak Heather Morrisen Auschwitzeko tatuatzailea lana aurkeztu du gaur berton. Miel Anjel Elustondok hartu du geure hizkuntzara ekartzeko lana.

Alberdaniako editorea Jorge Giménezek esan duenez, “XX. mendeko bigarren erdian eta XXI.aren lehen bosten honetan uzta oparoa eman du Holokaustoak mendebaldeko literaturan, eta euskarazkoan ere bilatu du bere tokia. Alberdaniak bere ekarpena egin du, gai hori aldez edo moldez jorratzen duten hainbat liburu argitaratu baititu”. Horien artean, editoreak aipatu ditu Primo Leviren Hau gizon bat bada, Irène Némirovskyren Suite frantsesa eta John Boyneren Pijama marradunaz jantzitako mutikoa.

“Oraingo honetan -jarraitu du-, fikzioa eta errealitatea maisuki lotzen dituen obra bat ekarri nahi izan dugu gure katalogora. Hori baita, hain zuzen ere, Auschwitzeko tatuatzailea: egarriz eta emozioz hasi eta buka irakurtzen den eleberri bat, benetako historia bat agerian jartzen duena”.

Melbournen bizi den Heather Morris idazle zeelandaberritarra da historia hau paperera eraman duena, eta sekulako arrakasta jasotzen ari da, bai kritikaren aldetik, baita irakurleen onespenari dagokionez ere (44 herrialdetan argitaratua da, eta bi milioitik gora irakurle izan ditu honez gero).

Miel Anjel Elustondo itzultzaileak azaldu duenez, hasiera-hasieratik harrapatu zuen historiak: “Lale Sokolov tatuatzaile lanetan ari zen Auschwitz-Birkenaun. Zenbaki bana tatuatzen zien bera bezala suntsigai sartzen zirenei. Egun batean, tatuatzeko txandaren zain zegoen neska bat ikusi zuen, Gita, dardar batean, izuak goitik behera hartuta. Laleren bihotza maitasunez goritu zen instantean, eta erabaki irmoa hartu zuen: infernu hartatik biek bizirik atera behar zuten”.

Azkenik, itzultzaileak eta editoreak Auschwitzeko tatuatzailea eleberriaren publikoaz honakoa esan dute: “irakurle mota ugarirentzako irakurgai egokia da; bai literaturzalearentzat, bai lekukotza estimatzen duenarentzat, bai testuari bizitasuna eta trama landua eskatzen dizkionarentzat”.

Exit mobile version