EZLEKUBAT

Hogeita lau fotograma segundoko lorategia

Bada udako gau zabal eta garbiek izaten duten horrelako puntu mistiko epela, kalera ateratzera gonbidatzen duen halako magnetismo kontrolaezina. Iluntze sorgindu horietan hontzekin topo egitea ohikoa da, kaleko katu kuxkuxeroekin, udako gauak eskaintzen duen babes irrealean, kultur marmelada irensteko esperantzaz ateratzen diren saguzarrekin.

Gasteizko Uda Place-eko antolatzaileek animalia horiek bildu nahi izan dituzte behin ere, zeru beltz kuriosoaren azpian, Txuleta & Rock, Skate classic night, kaldearte meeting point bezalako ekimenak plazaratuz. Baina behin ere, burututako programazioan, estalperik gabeko zinea nabarmendu da, eragiten dituen iraganeko sentsazioengatik, zine klasikoari eskaintzen zaion tarteagatik, ikusgai diren dokumental ausartengatik, baina batez ere, zeru ilun eta mugagabea delako haren sabai, teilatu eta gotorleku.

Montehermoso kulturgunea, Gauekoak  programa eta Hor Dago! kafetegia dira muntaia honen guztiaren errudun eta konplize, kokaleku hobezin hori aukeratu duten aktibista, ekintzaile nagusiak. Falerinako lorategiak ez du akatsik. Gasteiz berde berritzailearen erakuslerik argiena, benetan kokaleku aproposa da kontzertuak, bakarrizketak, antzerkiak eta bestelako emankizun altruistak gauzatzeko. Aspaldiko zine aretoak desagertzen ari dira, haiekin ere Panavisionaren xarma. Zentro komertzialetako aretoak kontsumo areto inpertsonal bilakatu zaizkigu eta zikloak, atzera begirakoak eta zine independentea zineklubetako kontuak dira dagoeneko. Komertziala zentroa, komertziala produktua.

Zuri-beltzezko Jean Seberg, New York Herald Tribune egunkariak saltzen ikusten izan naizela esaten badizuet, Jean Luc Godard-en A Bout de Souffle pelikula ikusten izan naizela erantzungo didazue. Baina hori guztia kamamila eta kafe egin berriaren lurrinez koipezten baldin badut, zer nolako erantzuna jaso behar dut?
Nik esango dizuet: Falerinako lorategia.
Jean Paul Belmondok bezala, erre nahi duenak ere, zeru azpian, natura hiritarrean, aukera du hori ere egiteko, hori behintzat ez dute oraindik galarazi. Estalperik gabeko askatasuna.

Uztailean Zinemactivism II zikloa jarri zuten abian, zine dokumentala berau, Charles Ferguson-en Inside Job eta Cosima Dannoritzerren Comprar, tirar, comprar, aski ezaguna, izan ziren ikusgai, besteak beste. Gutxitan izaten du ikusle arruntak tamaina bitxiko zikloa irensteko aukera. Programatzaileen abileziak ziklo benetan kutsakor eta interesgarria ekarri du gurera. Hala ere, abuztuaren bukaeran, udako gau preziatu horiek agurtuz, Secuencias de verano izenburupean, aspaldiko lau bitxi proiektatu zituzten. Bata bestea baino mitikoagoa, inoiz zahartzen ez diren zintak, estilo zinematografikoak, egitura eklektikoak: Ingmar Bergman-en Juegos de verano, A. Hitchcock-en La ventana indiscreta, Jean Luc Godard-en A bout de Soufflé eta Takeshi Kitanoren El verano de Kikujiro.

Sentimentalegia izateko mugan, ez dut buruan bueltaka dudan hausnarketa alde batera utzi nahi. Jakinminak hil zuela katua diote, zorionez makina katu dira jakinmin hori ase nahian dabiltzanak oraindik, nik behintzat asko ezagutu izan ditut. Katu horiei esker, Uda Place-k bizirik dirau, katu horiei esker gure jakinmina asegaitzagoa da, katu horiei esker ez gara hilko, bizi izandako zeluloidezko une kontsolagarriak, idazten ari naizen honetan zabalduko baititut. Estalperik gabeko udako zine gautarrak toki sorginduetara bidali gaitu, udako maitasun galduetara, harri-kartoizko etxebizitza kuxkuxeroetara, Pariseko kale malenkoniatsuetara, bidaia amaigabeetara… hogeita lau fotograma segundoko abiada kontrolatu ezinean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button