Nontzeberri

Hizkuntza gutxituak ezagutzeko abagunea, Gasteizen

Hizkuntza gutxituak ezagutzeko Hitz Adina Mintzo izeneko zikloaren 5. ikasturtea laster hasiko da Gasteizeko Oihaneder Euskararen Etxean. Aurten sei hizkuntza hurbilduko zaizkie zaleei. Interesa baduzue, zabalik duzue izen-ematea irailaren 25era arte. Zikloak “munduko errealitate soziolinguistikoaren perspektiba zabaldu eta aberastea eta hizkuntza aniztasuna balorean jartzea eta ezagutaraztea du helburu”.

Irailaren 25an abiatuko da ekimena Itziar Idiazabal EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak saileko ohorezko laguntzaileak Hizkuntza kooperazioa, zer da eta zer egin daiteke? izeneko hitzaldiarekin (19:00etan).

Horren ostean, urrian hasiko dira hizkuntza bereziei buruzko saioak, hilero bat. Hala, datorren hilean, judu-espaniera hizkuntza erromanikoa izango da protagonista Amelia Barquin MUko irakasle eta ikertzailearen eskutik. Azaroan, Oscar Vizarraga Kale Dor Kayiko elkarteko lehendakariordeak erromintxela aurkeztuko du. 2020ko urtarrilean Ivan Igartua EHUko irakasle eta hizkuntza eslabiarretan aditua Alemania ekialdeko sorabieraz mintzatuko da. Otsailean, Wednesday Silva Ginea Bissaun jaiotako oñatiarrak portugesetik eratorritako kriola aurkeztuko du. Martxoan, Espainiako Kongresuan EAJko bozeramailea Aitor Estebanek, Ipar Amerikako lakotaren berri emango du. Apirilean, Ane Ortega eta Arkaitz Zarraga Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedrako kideek Kolonbiako nasa yuwea izango dute hizpide.

Datu guztiak, Oihaneder Euskararen Etxeak ditu.

Exit mobile version