LITERATURA

“Hitzez eta Ahotsez” jendaurreko irakurraldi girotua, Durangon

Durangoko Plateruena antzokian, eta Askatasuna gaiarekin loturik, Hitzez eta Ahotsez jendaurreko irakurraldi girotuaren VI. edizioa egingo da maiatzaren 10ean, 17:00etatik 24:00etara. Helburu nagusia irakurleak euskal literaturara hurbiltzea da. Euskaraz irakurtzeari beldurra kentzea, eta euskaraz irakurtzeko zaletasuna gehitzea.

Urtarrilean Uxue Alberdiren hitzaldiaz hasi, solasaldi dialogikoekin jarraitu, Dorleta Kortazar  kontu kontalariaren ipuin ederrak entzun eta  maiatzean jendaurreko irakurraldi girotuaz amaitzen da Durangon burutu duten literatura maratoia.

Aurreko urteetan lez, aurten ere hainbat lagunek irakurriko dituzte eurek sortutako testuak. Eskualdeko idazle ezagunak bertan izango dira: Lourdes Unzueta, Mila Salterain, Paddy Rekalde, Josu Unzueta, Jose Julian Bakedano, Leire Bilbao, Peru Madalena edo Rafa Ugalde euren sorkuntzekin.
Gainonerakoek ondorengo idazleen testuak irakurriko dituzte: Joseba Sarrionandia, Ekhine Eizagirre, Gotzon Barandiaran, Elixabete Garmendia, Lauaxeta, Uxue Alberdi, Kattalin Miner, Angela Davis, Mari Luz Esteban, Karmele Jaioa, Gabriel Aresti, Ramon Saizarbitoria, Itxaro Borda…
Aurreko edizioan 271 partaide bildu ziren (101 gizon eta 170 emakume). Aurten 280 bat, eta emakume kopurua gizonena baino altuago izango da.

Irakurraldiaz gain, sorkuntza arloan dantzak ere tartea izango du. Dantza koreografia bi sortu dituzte askatasuna gaiaren inguruan. Antzerkiak eta ikus-entzunezkoak lekua izango dute bertan, eta musikariak, abeslariak eta bertsolariak ere hurbilduko dira urteroko hitzordura.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button