LITERATURA

“Hitzen ahairea”, musika eta literaturaren uztarketa

Euskal kantagintzaren historiaren ibilbidea bildu du Gotzon Barandiaranek Bilboko Bira Kulturgunean aurkeztutako liburu berrian.

Susa argitaletxearen eskutik, musika eta literaturaren uztarketa bat egiten du lan honetan, non uztarketa hori, gure herriaren historia kontatu eta ezagutu daitekeenaren ideiatik sortu den.

“Zein harreman du kantatzen dugunak gure izaerarekin? Zenbateko eragina du entzuten dugunak gure diskurtsoan? Zeintzuk dira gure erreferenteak? Zergatik irauten dute kantu batzuek gure gogoan betiko iltzaturik? Gure euskaltasunean zenbat zor diogu literaturaren eta musikaren lankidetzatik sortutako kantagintzari? Zergatik ez dugu kantatu emakumeek idatzitakorik? Inork kantatu ote dio bere hizkuntzari euskaldunok baino gehiago? Eta bihar, zeri kantatuko diogu?”, erantzunik gabeko galdera sorta.

Kantuen eta kantagintzaren bitartez mende eta erdiko euskal kantagintzaren historiari errepasoa egiten dion ibilbidea proposatzen du Hitzen ahairea lan berrian. Horretarako,  euskal literaturatik hartutako kantuak jasotzen ditu Barandiaranek, idazle eta musikarien elkarreraginetik sortutakoak.

Kantuak aukeratzeko orduan, Koldo Izagirrek XX.mendeko Poesia Kaierak bildumako 2500 kantu aztertu ditu, XX.mendean musikatutako testuak eta kanta ezagunenak edo gehien kantatu direnak ekarri ditu liburura.

Liburuan sartuta, hitzaurrea Andoni Tolosa Morauk eta Gotzon  Barandiaranek berak idatzitakoa da, liburuaren tentuingurua azaltzen duena. Hortik aurrera lau ataletan banatzen da: Galtzaile izatearen kontzientzia kolektiboa atalak adibidez, ­herri baten galdutako kontzientzia ahantzarazia berreskuratzea du helburu. Kantatua izateko atalak bestalde, gerra garaiko kantak jasotzen ditu, besteak beste, karlisten eta liberalen arteko hika mikak jasotzen dituzten kantuak, errepublika garaikoak…, Erbestetik herriminez atalak ordea, erbestean eta erbesteari buruzko kantutegia jasotzen du, gerra aurreko, garaiko eta frankismo ostekoak, esaterako. Atal honetan Gabriel Arestik euskal kantutegian izandako garrantzia azaleratzen du idazleak, euskal kantagintza berriaren garrantzia eta garai hartan idazle eta musikarien arteko elkarreragiteak izan zuen garrantzia agerian jartzen duena.

Eta azken atalean,  Euskarak biziraun dezan kantatu, euskarari buruzko kantuak jaso ditu idazleak, kontrakultura, kantuen eta letren aniztasunerako trantsizioa, eta tartean, euskaraz kantatzeari garrantzia ematearen inguruko hausnarketa proposatzen du, euskarari buruz kantatzeari garrantzia ematea baino.

Hiru ondorio

Hiru ondorio atera ditu idazleak eta horiek dira liburuan zehar irakurri daitezkeenak. Batetik, euskal kantagintzaren historian  eta “euskaldunok sentitzeko, izateko eta pentsatzeko dugun maneran”,  idazle eta musikarien arteko elkarreraginak izan duen  garrantzia. Bigarrenik, kantua oinarria izan dela historia kontatu eta ezagutzeko orduan, “mezu zuzena eta funtzio argia duena”. Eta hirugarrenik , euskal kantagintzaren bilakaerari dagokionez, “gaur egun ez zaie gizarte gaiei kantatzen, eta kantatzen badiegu, modu oso desberdinean egiten dugu” azaltzen du idazleak, musika bizitzeko beste modu bat dugula gaineratuz.

http://susa-literatura.eus/liburuak/best24

 

 

 

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button