LITERATURA

“Hitzaren Eskola”-ren edizio berrirako izen ematea irekita

Matrikula-epearen bukaera ekainaren 7a izango da, eta eskola irailaren 9an hasiko da modu presentzialean, eta sei hilabeteko iraupena izango du. Dinamoa sormen guneko Hitzaren Eremuan du habia Hitzaren Eskolak, Azpeitiko kultur dinamika oparoaren baitan.

Hitzaren Eskolaren edizio berriko helburuak honakoak dituzue: hitza ardatz hartzen duten hainbat sormen adierazpide ekartzea; adierazpide guztiak gurutzatzen diren puntuan jartzea arreta: hitza; hitzaren lanketa integral bat eskaintzea, ikerketatik, sormenetik, esperimentazioari leku eginez; hitzaren ahalaren jakitun egitea ikasleak, erreferentziak emanez, lanean jarriz, praktikaren bidez; tradizio bat eskaintzea sortzaile berriei, eta sortzaile berriak tradizio bati; mundua euskaraz kontatzen jarraitzeko tresnak ematea.

Sei irakasle-tutore arituko dira, bakoitza hitzaren adierazpide batekoa, bakoitza hilabetez: Iñigo Aranbarri; Maddi Barber; Haizea Barcenilla; Andoni Egaña; Xabier Erkizia eta Arantxa Iturbe.

Antolatzaileek deialdiarekin batera, testu hau ere zabaldu nahi izan dute: “Idazlea ez da literaturatik soilik elikatzen, zinetik, artetik, musikatik ere edaten du, eta azken finean, bizitza bera du, bere osotasunean, bere heldu ezinean, lanerako ekai. Baina hitza du tresna, hizkuntza du lehengai, eta hizkuntza bera menperatu behar du, jolasean hasteko, buruan dabilkiona kontatzeko. Eta berdin bertsolariak, edo gidoigileak, baina baita esatariak edo itzultzaileak ere; kosta egiten zaigu maiz hauena sormen lantzat hartzea, ez da eta hain nabarmena, ezin uka ordea asko duela sormenetik, unean uneko beharrei erantzuteko modurik onena bilatzetik.
Beraz, hitza bera ardatzean jarrita egin nahi dugu eskola hau. Ez diziplina bat, bere tresna eta teknika espezifikoekin, baizik eta hitza bera, bere ertz guztiekin, bere ahal izugarriarekin, bere izaera eta aukera guztiekin. Eta horretarako, hitza euren jardunaren oinarrian daukaten idazle, bertsolari, esatari, itzultzaile, gidoigile eta abarrak ekarriko ditugu eskolak ematera, hitzaren ahozko nahiz idatzizko alderdiak lantzeko, eta adierazpide bakoitzak besteak nola aberastu ditzakeen ikusteko, betiere osotasun baten bila: hitzaren jabe egitea belaunaldi berriak, hitza hartzeko bidea jartzea.
Hizkuntza da gure ardatza. Euskara, beraz. Eta hizkuntzaren lanketa kaleidoskopiko batekin sinetsita gaude aberatsago izango garela, tresna hobeak izango ditugula mundua gure hitzekin kontatzeko.”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button