ARTEA

“Hirugarren ametsa” bizi-esperientzian oinarritutako margolanak

Bizkaiko Abokatuen Elkargo Ohoretsuak Hanoos artistaren Hirugarren ametsa erakusketa paratu du urtarrilera arte.

Bilbon antolatu duen erakusketaren harira, artistak berak honako hitzak idazti ditu: “Nire obra Bilboko Abokatuen Elkargoan aurkezteak erabat asebetetzen nau; lur honi diodan miresmena adierazten du, artista eta pentsalari handien lurralde baita, eta bere sustraiengatik ere miresten dut, nire kultura mesopotamiarrekoak bezain sustrai sakon eta bereziak baititu. Elkargoko gune batean baino gehiagotan jarri den erakusketan (margotutako poesia), azkenengo bost urteetako nire lanak daude. Argi-hariak eta Hirugarren ametsa serieak nire bizi-esperientzian oinarrituta daude, eta nire begien oroitzapenean ere bai, nire inguruko munduaren behatzaile gisa, zuhaitz baten adarrean kokatzen den txoria bezala, inguruari begira. Mendebaldeko poesia izan da, ekialdekoarekin batera, nire laneko inspirazio-iturri nagusienetako bat. Zehatz esateko, nire azkenengo serieek Abdul Wahab Albayati eta Abu Ala Al-Maarriren poesiaren eragina dute; XI. mendeko pentsalaririk garrantzitsuenetako bat zen, idazle eta poeta arrazionalista.
Erakusketa honetako koadroak formatu desberdinetakoak dira eta egiteko antzeko prozesuak erabili dira; oinarri nahiko arrunta duten arren, bakoitzaren itxura desberdina da. Nire pinturagintzaren ezaugarria bi dimentsioko lana da, jarreren kanonak, dela egonean dela mugimenduan, erritmo eta konposizio laua, perspektibarik gabea, arte islamiarraren eta Fibonacciren geometriako erregulatzaileak erabiliz, baina emaitza batez ere forman oinarritzen da, eta eskematismo kaligrafikoaren garapenean marrazkia da bitartekaria eta bateratzailea. Obraren azken emaitza erabilitako materialen edo pigmentuen arabera islatzen da, beren egoera likido edo urintsuaren arabera eta euskarrian aurrez lortutako ehunduren arabera ere bai, denak lagungarriak baitira marrazki hauskorra nahita pitzatzeko, obran zehar baitabil, eta, nire ustez, azalera mamitsuagoa eta ñabardura gehiagokoa lortuko da horrela. Erabilitako tresnen araberakoa ere izaten da azkenengo emaitza; kartoia, espatula, trapuak edo ohiko pintzelak besteak beste, baita lausoduren eta zipriztinen araberakoa ere, prozesu gehigarriekin eta ekintza erauzleekin, pintura hauek hausnartzeko eta pentsatzeko baliagarriak izan dakizkigun, eta, ahal bada, ideiak sortzeko ere bai.”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button