MUSIKA

Hiru kontzertu iragarri dituzte, Bermeoko “Jazzber” jaialdian

Jazzber, Bermeoko Jazz Jaialdiaren beste edizio bat iragarri dute aurten ere. 22. edizioa betetzen duenean, egitarau labur baina kalitatekoa dakar Busturialdeko jazzaldi bakarrak,  jazz zaletuen gozamenerako.

Hiru kontzertu iragarri ditu Jizz-jazz talde antolatzaileak aurtengorako. Lehena, bihar, uztailak 3an izango da, Jon Urrutia Trio hirukotearen eskutik. Jazz estilo propioa duen taldea da,  doinu etniko eta herrikoietan oinarrituta, musika klasikoa, garaikidea eta inprobisazioa uztartzen dituena, tradizioa eta modernotasuna batuz.

Hilaren 4an, ostegunean, Jose Angel Lorente Quintet izango da protagonista. Jazz berriaren proposamena dakar boskoteak, sentimenduz betetako konposizioekin. Urteko jazz egitasmorik onenaren BBK Saria irabazi dute berriki.

Eta ostiralean, uztailaren 5ean, Szymon Klekowicki Sextet poloniar seikotearen jazz estilo bereizgarri eta garaikideaz  gozatzeko aukera dakar aurtengo Jazzber egitarauak. Plazaratu berri duten A Day in the Bus lehenengo diskoa aurkeztuko du taldeak, eta Klekowicki taldeburuaren eta Adam Jarznik piano jolearen konposizioak interpretatuko dituzte.

Hiru hitzorduak Bermeoko Kafe Antzokian, 20:30etik aurrera izango dira.

Antolatzaileek aditzera eman dutenez, “aurtengo programa laburra bada ere, kalitatezkoa eta oso erakargarria dela uste dugu, Bermeo eta inguruko herrietako jazz zaletuei kontzertuekin gozatzeko eta jazz estiloa hobeto ezagutzeko aukera ematen diona”. Izan ere horixe da antolatzaileen helburua:  “jazzaren mundua herrira ekarrita, jazz zaletasuna bultzatzea”.

Infoemazio gehiago, hemen duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button