LITERATURA

Hiru gutun Iruñetik

Patxi Zubizarretak Hiru gutun Iruñetik liburua idatzi eta Pamiela argitaletxearen eskutik kaleratu zuen duela aste batzuk.
Egileak, Joserra Senperenaren pianoarekin eta Gema Arrugaetaren argazkiekin batera, liburu horren gaineko irakurketa musikatua egingo du etzi, uztailaren 5ean, 20:00ean, Donostiako Liburutegi Nagusiko Ekitaldi Aretoan.

“1939ko uztailaren 25ean, aurrena Irati treneko merkantzia bagoietan Irunberriraino eta kamioietan gero, ehunka preso eraman zituzten Iruñetik Erronkari ibarraren izen bereko herrira. Txerrien pare metatuak, herritarrek zer ganadu mota ote zekarten galdegin zioten elkarri, edota igitariak, txerpolariak edo ijitoak ote ziren. Baina luze gabe fusildunen oihuetara lerrokaturik ikusi zituztenean, gizonilo haiek presoak zirela pentsatu zuten. Muga piriniarreko babeserako lanak egitera omen zetorren Langileen 127. Batailoi hura, eta Zaraitzu eta Erronkari ibarren arteko errepidea izango zuten lantegi, hala nola beste hainbat beharginek Lesaka eta Oiartzun, edota Eugi eta Irurita lotzen jardun beharko zuten. Alabaina, Langileen 127. Batailoiko 1. eta 2. konpainiak Bidankozera bidali zituzten urte hartako urrian, eta Igarira 3. eta 4. konpainiak, abenduan”.

Patxi Zubizarretak idatzitako Hiru gutun Iruñetik liburuak hiru zati dituela esan daiteke: lehen zatian gutuneria biltzen da; bigarrenean, goian aipaturiko presoak Iruñetik Erronkarira nola eraman zituzten kontatzen da, eta hirugarren zatian, preso baten mendekua eta ihesa kontatzen da.

Hau guztia, girotzen eta interpretatzen saiatuko da Zubizarreta, esan bezala, etzi egingo duen irakurketan Joserra Senperenaren teklekin eta Gema Arrugaetaren irudiekin lagunduta.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button