BERTSOTAN

Hiru bikote arituko dira “Bertsokabi” sariketako finalean

Ostegunean, hilak 24, aurtengo Bertsokabi-Eugenio Arraiza Sariketako finala jokatuko da Iruñeko Herriko Tabernan, 18:30ean hasita.

Sariketako hiru kanporaketak egin ostean final handia heldu da, eta horretan, hiru bikote arituko dira nor baino nor: Aitor Irastortza eta Xabat Illarregi, Ekhiñe Zapiain eta Josu Sanjurjo eta Irati Majuelo eta Alazne Untxalo.

Maialen Belarra arituko da gai-jartzaile publikoko bost pertsonekin batera. Joseba Beltza eta Nerea Bruño epaileek erabakiko dute nortzuk diren 2019ko sariketako txapeldunak.

2017an Nafarroako Bertsozale Elkarteak Bertsokabi-Eugenio Arraiza Sariketa abiatu zuen, eta bertan lortutako arrakastak bigarrena ekarri du. Ordukoan Alazne Untxalo eta Egoitz Gorosterrazu bertsolariek jantzi zuten txapela. Bigarren txapelketa honetako txapeldun berriak osteguneko finalean izendatuko dira.

Antolatzaileek adierazi duten moduan: “Sariketak akuilu dira herrialdeko bertsolari gazteentzat, haien bertsogintzan sakontzeko eta publiko aurrean trebatzeko aukera ematen dieten neurrian. Gerora Nafarroan plazarik plaza ibilitako bertsolari askok eman zituzten lehen urratsak gazteentzako bertso sariketetan”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button