LITERATURA

Maitasuna zer den adierazi nahia

Felipe Juaristik Erbesteko elurra (Erein) izeneko lana plazaratu du, istorio batzuk eleberri gisan kontatu behar direlako, eta horixe uste du lan honen protagonistak, Fermin Alberdi euskal kazetariak.

Fermin Alberdi euskal kazetaria Madrila bidaltzen dute Sebastian Saldiasen azken egunak nolakoak izan ziren kontatzeko. Horrek bizitza aldaraziko dio. Hori da eleberri honen abiapuntua. Baina, funtsean, maitasuna zer den adierazi nahia da. Maitasunari eustea bizitzari eustea baita; bizitza maite duenak ezin maitasunik gabe bizi. Musikarik gabe ere ezin bizi, berak eramaten gaitu egon nahi dugun tokira. Bakea, azken finean, errurik gabeko mundu berrira sartzea baino ez da.

Lan honela modu interesgarri onetan hasten da: “Istorio klase batzuk, orain kontatuko dudana esaterako, eleberria balitz bezala kontatu behar dira, historia-kronika hutsa egiteko tentaldiari iskin eta mizkin eginik. Galduko lukete, bestela, izan dezaketen sinesgarritasuna. Betiko eztabaida da, betiko auzia, betiko katramila, idazle jendearen artekoa, badakit, baina ez nau horrek gehiegi kezkatu orain artean. Ni ez bainaiz izan ez historiagile ez eleberrigile, liburu iruzkingile soil sotil bat baizik, kazetarien artean behe-mailakoena. Historiagileak gauzak gertatu izan diren bezala esan nahi ditu; eleberrigileak, gertatzea nahi izan diren bezala. Nahitik izatera dago aldea, izatetik nahira bezainbeste. Historiagilea egiaren bila dabil; eleberrigileari, ordea, estiloa, kontatzeko era eta helburu estetikoa interesgarriagoak zaizkio, funtsezkoagoak izateaz gainera. Historiagileak egia gezur bihur dezake; eleberrigileak, gezurra egia. Kazetariak erdiko bidea hartu izan du, ez du gertatu izan dena kontatzen, ez du gertatzea nahi izan dena adierazten, eta, egia esan, askotan estiloaren etsai izan da, eleberrigilea estiloaren morroi izan den bezala. Ez da egiaren bila abiatu; errealitatearen bila baizik.”

Lan dezente publikatu baditu ere, Juaristi poeta gisa da batez ere ezaguna. Juaristiren lehen poema-bilduma Denbora, nostalgia (Baroja, 1985) izan zen. Geroztik, Hiriaren melankolia (Baroja, 1987), Laino artean zelatari (Alberdania, 1993) Galderen geografia (Alberdania, 1997), eta Begi-ikarak (Erein, 2004) argitaratu ditu. Intzentsua lurrean bezala (Baroja, 1988),  Arinago duk haizea, Absalon (Erein, 1990) eta Ez da gaua begietara etortzen (Erein, 2007) dira bere eleberriak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button