IKUS-ENTZUN

Hiriak esperientzia eta espazio berezi gisan

Zinea, Arkitektura eta Hiria zikloaren barruan, bihar, EHAEO-ko Bizkaiko ordezkaritzako Areto Nagusian Assemblage filma proiektatuko da 19:00etan. Irailean hasi zen zikloa amaitzeko, urtarrilaren 30ean, Trafic filma proiektatuko da. “Filma fikzioaren eta dokumentalaren artean igarotzen da, kultura eta gizarte garaikidearen paradoxetako batzuk eszenaratuz”.

Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko Bizkaiko Ordezkaritzak zinearen aldeko apustua egin du, “hiri modernoaren eraikuntza prozesuan eta sinbolikoa den hori etengabe berreraikitzeko ibilbideak egiteko bide gisa”, eta horretarako bihar, oso saio berezia antolatu du Bilboko La Fundicionek antolatzen duen Dantzaldiarekin batera. Hala, Nazioarteko Dantza Jaialdiaren barruan Forma Povera Lab. laborategiak proiektatuko den filmaren hitzaurrea egingo du, hitzaldi dantzatu baten bitartez. Hitzaldi dantzatu hori Assemblage filmarekin hasitako topografia berezi horretan murgiltzen da, proiektu arkitektonikoa, keinu koreografikoa eta eszena zinematografikoa hiri-espazio berean inskribatuz.

Assemblage Merce Cunningham koreografo eta dantzariak, Richard Moore zinegilearekin batera 1968an zuzendu zuen filma da, “San Frantziskoko Ghirardelli plazako espazio publikoan koreografiazko esku-hartze bati buruzkoa”. Assemblage filmak espazio publikoan egindako esku-hartze bat eszenaratzen du. Hiri-koreografia bat balitz bezala sortu zen, Lawrence Halprin arkitekto eta paisajistaren eta Anna Halprin koreografoaren arteko kolaborazioaren ondorioz. Espazio hori duela denbora gutxi zaharberritu den hiri-ingurunea da, Lawrence Halprin arkitekto eta paisajistak egindako proiektuari jarraituz, hirian arkitekturaren eta industriaren ikuspegitik aurri egoeran zegoen inguruan.”

Zinea, Arkitektura eta Hiria zikloak hiriari buruzko hausnarketa bideratu nahi du, “hiri eraikiaren eta imajinatutako hiriaren izaera bikoitzean”. Hala, filmetako hiriak esperientzia eta espazio bereziak dira, eta ikuslea, herritar gisa, “bestearekin duen topaketaren bidez eraikitzen da, zineak proiektatutako hiri espazioetan dagoen desberdintasunarekin eta alteritatearekin”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button