ARTEA

Hiria lausotzen dituen mugak

Carlos Canovas argazkilariaren Denboran erakusketa Bilboko Rekalde Aretoan egongo da ikusgai maiatzaren 19ra arte. Bertan, hiri-paisaiaren inguruko ehun bat argazki baino gehiago biltzen dira.

Erakusketak makina bat  iruditan egindako ibilbide zehatza marrazten du, 80. hamarkadaren hasieran hasi eta gaur egunera arte luzatzen dena. Hiriaren mugetan kokatzen diren paisaiak dira, “espazioa, distantzia eta denbora kontzeptuen inguruko hainbat irakurketa iradokitzen dituztenak. Canovas objektibitatearen asmotik urruntzen da eta lotura afektiboa ezartzen du proposatzen dituen espazioekin. Artistak ikus-memoriari egiten dio erreferentzia eta, kasu askotan, gaur egun existitzen ez diren baina propio eta gertuko gisa gogoratu eta ezagutzen diren tokiak erakusten ditu”.

Hiriarekin lotuta egiten den errepasa hainbat serietan dator: Tapias (1980), Harresiz kanpo (1983-1990), Vallès Oriental (1990), Itzulerarik gabeko paisaia (1993-1994), Paisaia anonimoa (1992-2005) eta Zazpigarren zerua (2007-2018).

Carlos Canovasen ibilbide artistikoan, argazkilaritzaren historiari buruzko bere azterlanek eta beste toki batzuetan egiten ari zirenaren inguruko ezagutzak zeregin garrantzitsua bete zuten argazkilaritza definitu eta ulertzeko moduari dagokienez. Berak dio “argazkilaria bere irudiek jasotzen dituzten gauzek bere aurretiko ideiak (eta apropos ez bada ere eta ideien garrantzia berarekin, bai eta zalantzak ere) islatu dezaten saiatzen da, besterik ez”.

Carlos Canovasek (1951) argazkilaritza jarduna 1972an hasi zuen, baina 1980an hasi zen bere obra pertsonala garatzen eta irakaskuntza jardun bikaina burutzen, hainbat zentro eta unibertsitatetan tailer eta ikastaro espezializatuak ematen. Bere obra hainbat erakusketetan erakutsi da: Arte Ederren Museoan (Bilbo, 1994), Arte Modernoaren Valentziako Institutuan, Sofia Erregina Arte Zentroaren Museo Nazionalean (Madril), Museum of Contemporary Photography museoan (Chicago) edo Mexikoko Kultura Institutuan (Washington).
Beste aldetik argazkilaritzarekin loturiko hainbat liburu ere argitaratu ditu: Deriva de la ría: paisaje sin retorno (Fundación BBK, Bilbao, 1994), Paisajes Fugaces (IVAM, Valencia, 1997), Paisaje Anónimo eta Por las mismas calles (Iruñeko Udala, 2002 eta 2016) eta Séptimo cielo, fotografías de un paisaje cercano (Nafarroako Unibertsitatea, 2012).

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button