ARTEA

Hiraki Sawa japoniar artistaren obra ikusgai, Nafarroako Unibertsitate Museoan

Nafarroako Unibertsitate Museoak Hiraki Sawa japoniar artistaren Memoria paralela irudien erakusketa jarri du ikusgai datorren martxoaren 25era arte, Iruñean.

Londresen bizi den Hiraki Sawa artista japoniarrak (Ishikawa, Japonia, 1977) instalazio, eskultura, bideo, marrazki eta argazkiekin lan egiten du. Eskulturaren arloan hasi zuen bere ibilbidea, baina marrazkiaren leialtasunari eutsi zion, bideoan eta irudia mugimenduan arreta jarri arte.

Hala, bere obretan, argazkietatik ateratako objektuek eta irudiek bizia hartzen dute “ia modu onirikoan, gure adimenaren oroitzapenak eta ahaztuak izan daitezkeenak birsortuz”, azaltzen du artistak berak. Erakusketaren haria, hartara, oroimenaren eta ahanzturaren binomioaren paralelismoak dira, gure garaiko amnesia kolektibotik berreskuratutako oroitzapenak aztertuz.

Gainera, Tender Puentes del Museo programarekin osatu du Unibertsitate Museoak erakusketa eta artista honek bertan egindako  zenbait esku-hartze ere jasotzen ditu: Talbot enpresak bere kalotipoen  (paper sentikorra erabiliz, koloreko irudiak sortzen dituen argazki-probak egiteko prozedura) garapenean egindako ezkutuko irudiari buruzko hausnarketak, hain zuzen.

Erakusketaren harira bestalde, datorren larunbatean, azaroaren 16an, Hausu zinema japoniarraren zikloa aurkeztuko du Miguel Muñoz komisarioak eta Japoniako zinemako maisu batzuen begietatik japoniarraren etxeak izan duen ibilbidea izango da xede zikloan.

Hala, larunbatean, 19.00etatik aurrera, Luis Buñuel  eta Segundo de Chomón zuzendarien zine mutuko filmak emango dituzte Hiraki Sawa artista eta Mama!Milk gaur eguneko musika japoniarreko bikotearen zuzeneko musikarekin.

Segundo de Chomón zuzendariaren 3 film proiektatuko dituzte batetik:  La Maison Ensorcelée, (1908); Les Kiriki, acrobates japonais (1907); eta  Les papillons japonais (1908). Eta Luis Buñuel handiaren filmen artean, Un chien andalou (1929) mitikoa aukeratu dute arduradunek.

Zikloak baina, azaroaren 23an, abenduaren 7an, eta amaitzeko, datorren urtarrilaren 18an ere eskainiko ditu ikus-entzunezkoak. Egitarauaren egunez eguneko programazioa eta erakusketaren informazio osoa duzue Nafarroako Unibertsitate Museoak duen web atarian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Cookie propioak erabiltzen ditugu, bai eta hirugarrenen cookieak ere, zure nabigatze-esperientzia eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartutzat joko dugu.Ikusi cookien politika.

ACEPTAR
Aviso de cookies
Tresna-barrara saltatu